Bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektua atzeratzen ari da araudi urbanistikoagatik

Amasa-Villabonako udalak herritarrei zuzendutako azalpenak eman nahi izan ditu, bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektuaren egoera zein den azaltzeko. Horretarako ohar hau kaleratu du udal gobernu taldeak.

2021eko azaroan garatutako herri galdeketan babesik handiena lortu zuen proiektu honek eta lehen unetik proiektua gauzatzeko konpromisoa hartu zuen udalak. Hau horrela izanik ere, proiektua definitu, onartu eta eraikitze lanak abiatu ahal izateko prozesuan, espero gabeko zailtasun bat aurkitu du udalak.

Zehazki araudi urbanistikoarekin lotutako arazo bat da; Amasa-Villabonako Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrak (HAPOak) espazio libre gisa kalifikatzen du Olaederra kiroldegi ondoan 3.523 m2-ko azalera duen eremua. Espazio libreak aisialdi publikorako eraikuntzarik gabeko lursailak dira eta ondorioz, eremu horretan apaindura-eraikinak, behin-behineko eraikuntzak eta zorupeko azpiegiturak baino ez dira baimentzen.

Egoera honetan, bolatokia estali eta padel pistak eraiki ahal izateko ezinbestekoa da Hirigintza Antolamendua aldatzea eta udalak horretarako prozedura abiatu behar izan du. Zoritxarrez prozedura hori oso luzea izaten da eta oraindik tramitazio fasean dago. Horregatik proiektu hau uste baino askoz gehiago atzeratzen ari da eta udalaren aurreikuspenak ez dira beteko.

Udalak bere atsekabea adierazi nahi du, herritarren babesik handiena izan zuen egitasmo hau nahi bezala martxan jartzeko izaten ari den zailtasunengatik. Era berean, udalak publikoki barkamena eskatu nahi die Amasa-Villabonako herritarrei, atzerapen handiegi honegatik. Ez dago aitzakiarik, udalaren aurreikuspen akats bat izan da eta udalari dagokio onartzea eta herritarrei gardentasun osoz azaltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!