2023 urterako Ordenantza Fiskalak onartu dira

Atzoko Udalbatzaren osoko bilkuran Udal Gobernuak 2023rako aurkeztutako Ordenantza Fiskalen proposamena onartzea erabaki zen, EH Bildu eta PNV-EAJren aldeko 12 botoekin, eta PSEko ordezkari bakarraren kontrakoaekin.

Gauzak horrela, 2023. urtean udal zerga eta tasa guztiak %1,5eko igoera orokorra izango dute. Kontuan izanda KPIa azken urtean %10,3a igo dela, honek ez ditu konpentsatuko 2023an udalak aurre egin beharko dituen gastu gehigarriak. 
 
Zerga eta tasa nagusiei dagokionez, herritarrek ordaindu beharreko kopuruetan igoera oso txikiak izango dira. Adibidez, hondakinen bilketa eta kudeaketarako udal tasaren kasuan, etxebizitza bakoitzeko hiruhileko tasa 24,63 euro izatetik, 25 euro izatera igaroko da (0,37 euroko igoera). Ibilgailuen tasari dagokionez ibilgailu gehienen kasuan igoerak urteko 1,21 euro eta 2,21 euro bitartekoak izango dira. Olaederra kiroldegiko bazkide-kuotetan hileko 24,85 eurotik 25,2 euro izatera pasako da (0,35 euroko igoera). OHZ (IBI) zergaren kasuan Aldundiak higiezinen balio katastralak murriztuko dituela iragarri duenez, ordaindu beharreko kopuruetan jaitsierak egotea aurreikusten da.
 
Era berean, igoera txiki honen bidez 2023. urtean udalak 30.500 euro gehiagoko diru-sarrerak izango dituela aurreikusten da. 
 
Zerga-hobari guztiak mantentzen dira
Azken urteotan egin den moduan, datorren urtean ere zerga-hobari guztiak bere horretan gertauko dira. Legealdi hasieran martxan jarritako hobari berrietan ere ez da aldaketarik izango 2023 urterako.

Hobarien zerrenda
 
Adostasuna alderdi politiko nagusien artean
EH Bildu alderdiak gidatutako Udal Gobernuak "Udalaren oreka ekonomikoa ziurtatu beharra" nabarmendu zuen udal zerga eta tasetan %1,5eko igoera aplikatzeko arrazoi nagusi bezala. Horrekin batera, PSEren jarrera "populista" salatu zuten: "oso erraza da oposizioan egonda, inolako ardurarik gabe, zergak izoztu behar direla esatea". EH Bilduko ordezkariak udal gobernuari arduraz jokatzea tokatzen zaiola eta udalaren etorkizuneko bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzea axolagabekeria galanta litzatekeela nabarmendu zuen.
 
EAJ-PNV alderdia Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin ados agertu zen eta bere bost zinegotziek aldeko bozka eman zuten, azalpen gehiagorik eman gabe.
 
PSEko ordezkari bakarra den María Luisa Arijak, aldiz, zerga eta tasa guztiak izoztuta mantentzearen aldeko jarrera defendatu zuen, izan ere, "gure bizilagunen presio fiskala ez handitzea da helburua, bizi dugun krisi egoera ikusita". Ondorioz, Udal Gobernuak proposatutako igoera orokorrari ezezko bozka eman zion.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!