Udalak 16.000 euro bideratu ditu garapenerako lankidetzara El Salvadorren eta Saharan proiektuak lagunduz

Amasa-Villabonako Udalak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu du, Euskadiko erakundeen nazioarteko garapenerako lankidetza garatzen duen Euskal Fondoa erakundearekin.

Hitzarmen honen bidez, udalak 16.314,39 euro bideratuko dizkio Euskal Fondoari, ondoren erakunde honek hainbat proiektu garatu ditzan El Salvadorren eta Saharako errefuxiatu kanpamenduetan. Guztira hiru egitasmo lagunduko ditu 2022an Amasa-Villabonako Udalak.
 
Lagunduko diren garapen proiektuak:
 
1. Euskadiko eta Erdialdeko Amerikako erakundeen arteko uraren eta saneamenduaren lankidetzarako erakunde arteko programa (2021-2024): 5.096,34 euro.
Egitasmo honen bidez edateko ura hornitzeko eredu jasangarria ezartzea da helburua, El Salvadorreko Jocoro udalerriko ur eta saneamendu zerbitzuak hobetuz. Proiektua Lankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin, Uraren Euskal Agentziarekin (URA), Foru eta Udal erakunde publikoekin eta ura erabiltzen duten enpresekin elkarlanean garatu da. Onuradun nagusiak Jocoro herriko eta inguruetako 5.552 biztanle izango dira (% 55 emakumeak; % 45 gizonak). 
 
2. Suchitoto herriko (Cuscatlán departamentua, El Salvador) gazteen ekintzailetzarako prestakuntza programa: 4.436,05 euro.
Programa honen helburua Suchitotoko gazteen garapen integrala indartzea da, etengabeko prestakuntza teknikoa eskainiz eta gazteen enplegagarritasunari eta ekintzailetasunari lagunduz. Suchitotoko Udal Alkatetzak eta UDEL, Nekazaritza eta Abeltzaintza Unitatea eta gazteekin lan egiteko unitate-laguntzaileen lidergoak prestakuntza teknikorako, enplegagarritasunerako eta ekintzailetasunerako baldintzak sortuko dituzte, Udalaren Prestakuntza Teknikorako Eskola, Ekintzailetza Mintegia eta Behatoki Sozioekonomikoa sortuta, Enplegu Burtsarekin indartuta eta eragile ekonomikoekin artikulatuta. Onuradunak guztira 1.175 gazte izango dira (% 47 emakumeak - % 53 gizonak).
 
3. Tindouf, Saharar errefuxiatuen kanpalekuan dauden Gazuani, Auserd eta Mejidiren tailerrak babestea, eta Garraio eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Energia Ministerioari erregai-kamioi bat ematea: 6.782 euro.
Ekarpen honen helburua SEADeko Garraio eta Energia Ministerioari laguntza ematea da Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden eta SEADeko askatutako lurraldeetan bizi diren sahararrei garraio-zerbitzuak eta energia elektrikoa hornitzeko zerbitzuak ematea ahalbidetuz. Horretarako, SEADeko Garraio eta Energia Ministerioko Erregai Zuzendaritzari erregaietarako zisterna-kamioi bat emateaz gain, Gazuani, Mejidi eta Ausserdeko lantegiei behar diren material suntsikorrak eta ordezko piezak emango zaizkie, hango langileek ibilgailu publikoen mantentze-lanak eta konponketak egin ahal izan ditzaten. Onuradunak 173.600 pertsona izango dira (% 49 emakumeak - % 51 gizonak).
 
Guztira udalak 16.314,39 euro bideratuko ditu proiektu eta programa hauek finantzatzera.
 
Onartutako lankidetza hitzamen honekin Amasa-Villabonako Udalak senidetutako El Salvadorreko eta Saharako lurraldeekiko duen elkartasun harremanean sakonduko du eta elkartasun politikekin zein garapenerako nazioarteko lankidetzarekin duen konpromisoari tinko eusten dio. Izan ere, mundu globalizatu eta kapitalista honetan Europan, garapen ekonomiko eta sozial altuko lurralde batean bizitzeko pribilegioa dugunok, ezin dugu beste alde batera begira geratu hegoaldeko herrialdeetako milioika pertsonak pairatzen dituzten bizi-baldintza kaskarren eta krisi humanitarioen aurrean. Elkartasun internazionalista ipar, udalak urtez urte bere ekarpena egiten jarraitzeko konpromiso irmoa du. 
 
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!