Udalak herriko LGTBI+ kolektiboaren diagnostikoa egingo du, ondoren neurriak hartzeko

Atzo, ekainak 28, LGTBI+ Harrotasunaren Eguna izanik, Amasa-Villabonako udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek kolektibo honen eskubideak aldarrikatu zituzten Osoko Bilkuran, EH Bildu alderdiak aurkeztutako Erakunde Adierazpena aho batez onartuta.

Horrela, Udalak LGTBI+ herritarren bizitzen inguruko diagnostikoa egin eta ondoren horretan oinarritutako ekintza plan bat abiatzeko konpromisoa hartu du. Udal gobernua horrelako azterketa lanak egin dituzten eta LGTBI+ kolektiboaren parte diren hainbat elkarterekin harremanetan jarri da dagoeneko, uda ondoren prozesua martxan jartzeko helburuarekin.
 
Onartutako Adierazpen Erakundeak honako dio:
 
LGTBI+ BIZITZEK BALIO DUTE
 
Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu Ekainaren 28an, LGTBI+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGTBI+ mugimenduaz.
 
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBI+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
 
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak... ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Amasa-Villabonan ere, horretan ari gara.
 
Horregatik guztiagatik Amasa-Villabonako udalak konpromisoa hartzen du, gure herriko LGTBI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan bat abiatzeko. Udalak prozesu hau, herriko LGTBI+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen du eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko du.
 
Honetaz gain, udalak dei egiten du Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko.
 
Amaitzeko, Amasa-Villabonako udalak LGTBI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren pertsona eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditu, zalantzarik gabe honakoa harrotzeko moduko mugimendua baita.
 
LGTBI+ bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!