Herriko balkoi eta atari ederrenak sarituko ditu Udalak

Bi urteko geldialdiaren ondoren, Udaleko Ingurumen sailak Atari Bizi lehiaketa abiarazi du berriro.

Lehiaketa honen helburua herritar guztiek etxeko sarrera eta balkoiak era guztietako landareekin apaintzea da: loredun landareak, zuhaixkak, trepaderak eta abar. Aurtengo Santio jaietan ederrenak eta originalenak sarituko dira. 
 
Udaleko Ingurumen sailaren ekimenak landareekiko errespetuzko jarrera berpiztea du helburu. Era berean, herritarrak etxeen itxuraz eta osasunaz arduratzea sustatu nahi du.
 

Uztailaren 12an epaimahaiko kideak herrian zehar

Lehiaketan parte hartzeko ez da aurrez izenik eman beharko, nahikoa izango da etxeko balkoia loreekin apaintzea. Horrela, uztailaren 12an epaimahaiko kideak herrian zehar ibiliko dira eta balkoietako eta terrazetako landareen kolorea, apaingarritasuna, itxura eta originaltasuna baloratuko dituzte. Aipatutako epaimahaia, Ingurumen zinegotziak eta udal teknikariak, eta Iratze Lorezaintza enpresako kideek osatuko dute.
 

Hiru sari, uztailaren 25ean

Atari Bizi lehiaketako sari banaketa uztailaren 25ean egingo da, Erreboteko plazan, Soka dantzaren ondoren. Irabazleari bi lagunentzako otordua eta herriko dendetan erosketak egiteko 150 euroko balea emango zaio. Bigarrenak eta hirugarrenak 100 euro eta 85 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, herriko dendetan erosketak egiteko.
 
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu Atari Bizi lehiaketan parte hartzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!