Amasa-Villabonako udalak, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien alegia, EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EEren adostasunarekin, Erakunde Adierazpena kaleratu du gaur, Errusiak Ukrainari egindako eraso militarra salatzeko, ukrainar herriari elkartasuna adierazteko eta Europar agintariei gerratik iheso doazen errefuxiatuak behar bezala arta ditzan eskatzeko.
Honakoa da udaleko alderdi politiko guztiek adostutako adierazpena:
ERAKUNDE ADIERAZPENA
ZIOEN AZALPENA
Errusiako Gobernuak Ukraina erasotzeko hartutako erabakiaren ondorioz, joan den ostegunetik dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu eta gero eta gehiago dira gerratik ihesi doazen pertsonak.
Errusiako Gobernuak egindako erasoa justifikaziorik gabeko erasoa da, nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena suposatzen duena eta segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak honako Adierazpen Instituzional hau onartzen du:
- Amasa-Villabonako Udalak Errusiaren eraso militarra salatzen du, berehala bertan behera uzteko eskatzen du eta errusiar indar militarrak Ukrainar lurraldetik erretiratzeko eskatzen du.
- Amasa-Villabonako Udalak biktimen kopurua biderkatu aurretik eraso militarrak berehala eteteko eta errusiar tropak Errusiako Federazioaren lurraldera itzultzeko eskaera egiten du.
- Amasa-Villabonako Udalak dei egiten die eragile guztiei gerratik urrunduko gaituzten konponbideak bila ditzaten.
- Amasa-Villabonako Udalak berresten du estatuen arteko ezberdintasunak edo gatazkak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar direla, bide baketsu eta diplomatikoen bidez. Era berean, gerra oro arbuiatzen du.
- Amasa-Villabonako Udalak Europar erakundeei eskatzen die arreta eman diezaiela europar herrialde ezberdinetara babes bila joaten ari diren Ukrainatik desplazatutako pertsonei.
- Amasa-Villabonako Udalak babes eta elkartasun osoa adierazten die Ukrainako herriari.