Gaztelekuari buruzko parte-hartze prozesutik ateratako ondorioak ezarriko dira kudeaketa-kontratu berrian

Herriko gazte eta nerabeen beharrak eta interesak identifikatu ditu Udalak prozesu parte-hartzaile baten bidez. Horrela, Gaztelekuaren zerbitzuan egin beharreko egokitzapenak eta hobekuntzak erabiltzaileen ahotik ezagutu ditu.

Katea Etxea Gaztelekuaren X. urteurrenaren bueltan, Udalak prozesu parte-hartzaile bat abiarazi zuen 2021eko apirilean. Horrela, Gaztelekuaren orain arteko ibilbidea aztertzeaz gain, 9-17 adin tarteko gaztetxoen iritzi eta beharrak identifikatu dira, aurrerantzean eskainiko den zerbitzuan beharrezkoa aldaketak txertatzeko.
 
Aipatutako hausnarketa prozesu parte-hartzailea herriko Erniobea eta Zubimusu ikastetxeekin lankidetzan garatu da, eta bi fase desberdinetan burutu da. Gazte eta nerabeen gurasoengana ere jo da hauen ekarpenak biltzeko helburuarekin.
 
Lehenengo fasea: 12-17 urte artekoen ekarpenak jaso dira
12-17 adin tarteko 516 nerabeen iritziak bildu dira parte-hartze prozesuan. Kolektibo honek, batez ere, taldean erabiltzeko materialari eman dio garrantzia: sofak, bideo-joko kontsolak, bilarra... hau da, Gaztelekuan dagoeneko badagoen materiala nabarmendu dute. Beraz, material hori berritu beharko litzatekeela eta espazioan hobeto nola txertatu aztertu behar dela ondorioztatu du Udalak.
 
Gaztelekuan antolatzen diren ekintzei dagokienez, nerabe eta gurasoen iritziek bat egin dute Gaztelekuak jarduera gehiago antolatu beharko lituzkeelarekin.
 
Zerbitzu honen ordutegiagatik galdetuta, nerabe gehienek egokia ikusten dute orain artekoa, nahiz eta badauden asteburuan ordutegia zabalagoa eskatzen dutenak ere. Gurasoen kasuan ere, asteburuei ematen diete garrantzia handiena, eta 16:00-20:00 ordutegia egokia dela uste dute.
 
Bigarren fasea: 9-11 adin tartekoen beharrak identifikatu
Erniobea eta Zubimusu ikastetxeetako 345 gaztetxoen beharrak identifikatu dira bigarren fasean, eta ikusi da kolektibo honen artean mugimendua eskatzen duten jarduerek garrantzia handia dutela: ohe elastikoak, mini porteriak, boxeo zakuak... Dena den, aztertzaileentzat deigarria izan da adin honetako haurrek teknologiarekin duten harremana; ez dute aisialdia gailu teknologikorik gabe irudikatzen. Bestetik, Gaztelekuan irudimena edota arlo artistikoa lantzeko materiala ahalbidetu beharko litzatekeela erakutsi dute.
 
Gaztelekua itxita egongo da esleipen prozesua amaitu arte
Udalak nerabe eta gazteen, eta hauen gurasoen ekarpenak jaso ditu, eta lortutako informazioarekin Katea-Etxea Gaztelekua egokitzen ari da dagoeneko. Bestetik, Gaztelekuaren kudeaketa lanak kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko da datozen hilabeteotan. Esleitu eta kontratazioa gauzatu arte, beraz, herriko zerbitzu publiko hau itxita egongo da.
 
Egoera dela eta, Udalak barkamena eskatu nahi die Gaztelekuko erabiltzaileei sortu daitezkeen eragozpenengatik.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!