Horregatik, gaur goizean Beatriz Unzue alkateak, udalbatza osoaren izenean, lore eskaintza xume bana egin du Villabonako Kale Nagusian, Naziek eraildako Adolfo Lozano eta Alberto Beaufort-en jaiotetxeen aurrealdean lurzoruan ezarrita dauden oroimen plaken ondoan.
Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek osatzen duten Memoria eta Bizikidetza Batzordeak, Nazismoak eragindako giza-eskubideen urraketa larriak eta sarraski izugarriak gaitzetsi eta kontzentrazio eremuetan egondako bederatzi billabonatarrak eta haien senideak omendu ditu. Modu horretan, Amasa-Villabonako udalak pertsona hauek demokraziaren eta askatasunaren alde jarduteagatik pairatutako sufrimendu bidegabea aitortzen du.
Hauek dira Nazien kontzentrazio esparruetan egondako bederatzi herritarrak:
Adolfo Lozano Olazabal
1936ko Gerra Zibilean Errepublikaren aldeko armadako tenientea izan zen, Ebroko bataila famatuan parte hartu zuen eta gerraren amaieran Frantziara erbesteratu behar izan zuen. 1941ean naziek atxilotu zuten eta hainbat kontzentrazio eremu ezberdinetan egon zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen eta Gursen. Azken honetan erail zuten 1941eko azaroaren 7an.
Alberto Beaufort Barrengedo
Villabonako Kale Nagusiko 9. zenbakian jaio zen 1927. urtean.1944ko martxoan atxilotu zuten alemanek Frantziako iparraldean. Ondoren Mauthausen kontzentrazio eremura eraman zuten. Han, 59544 zen bere preso zenbakia. 1945eko maiatzaren 5ean libre geratu zen, Amerikako Estatu Batuetako armadak eremua askatu ondoren. Orduz geroztik ez dago bere berririk eta ezin izan da jakin zer gertatu zitzaion.
Juan Peña Villarreal
1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten, bertan egon zelarik preso 5429 zenbakiarekin. Bigarren Mundu Gerran frantziar armadarekin batera borrokatu zuen Gernika Berri batailoiko kidea zen.
Martin Gonzalez
1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten. Bera ere Gernika Berri batailoiko kidea zen eta 5563 zen bere preso zenbakia Gurs-eko kontzentrazio eremuan.
Angel Garcia Etxarren
Bera ere 1939ko otsailean atxilotu zuten Argelesen, preso atxiki zuten hasiera batean baina gero Gursera eraman zuten. 20 urte zituen kontzentrazio esparrura eraman zutenean. Gernika Berri bataloiko kidea zen eta 5358 zen bere preso zenbakia. EAJ alderdiko kidea eta pilotaria zen.
Hilario Gracia Ilardia
1939eko otsailaren 2an Le Boulouen atxilotu zuten eta handik Saint Cyprieneko kontzentrazio eremura eraman zuten. Gero, ordea, Gurs-ekora bidali zuten eta bertako bere preso zenbakia 3304 zen. 21 urte zituen eta UGTko kidea zen, arotza ofizioz. Kale Berriko 3. zenbakian zuen bizilekua.
Jose Telletxea Laskurain
24 urte zituen 1939an Argelesen preso hartu zutenean. Gero Gurs-eko kontzentrazio eremura eraman zuten eta 942. preso zenbakia ezarri zioten. UGT sindikatuko kidea zen.
Alejo Ramos Arrate
Gerra Zibilean Herrialde Katalanetan aritu zen soldadu gisara Errepublikaren aldeko Alpino batailoian. Ondoren Frantzian Gernika Berri batailoiko kide gisara atxilotu zuten Argelesen. Handik Gurs-era eraman zuten eta 1939 abuztuaren 1ean libre geratu zen. EAJko militantea eta pilotaria zen.
Jose Ignacio Garmendia Urkola
1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten eta gero Gurs-era eraman zuten. Handik libre atera zen 1939ko abuztuaren 28an.