Honakoa da Erakunde Adierazpenaren edukia:
Amasa-Villabonako Udalaren adierazpena larunbat gaueko gertakarien aurrean
Lehenik eta behin, Amasa-Villabonako Udalak irmoki salatzen du pasa den larunbat gauean kale Berria 62 etxe parean ezezagunek nahita eragindako edukiontzien erreketa. Era berean, udalak elkartasun eta babes osoa adierazten die kaltetuak izan diren herritar guztiei. Udala harremanetan dago kaltetutako bizilagunekin, kalteak konpondu eta normaltasunera itzultzeko egin beharko duten ibilbidean bidelagun izateko eta beharko balitz, laguntza eskaintzeko.
Herriko altzari publikoen kontrako erasoak guztiz onartezinak dira eta kasu hau bereziki larria izan da, hainbat bizilagunen osasuna arriskuan jartzera iritsi baita. Suhiltzaileen interbentzio azkarrari esker, zorionez bizilagunek ez dute osasunean eragin kaltegarririk pairatu, baina gertaera aztertuta, gerta zitekeen.
Tamalez honakoa ez da kasu isolatu bat izan. Asteburu batean baino gehiagotan, goizera arte luzatzen diren juerga eta parrandak izan dira eta horiei lotuta zarata, zikinkeria eta txikizio bat baino gehiago gertatu dira. Zalantzarik gabe, honakoak onartu ezin diren gertaerak dira.
Bozgorailuak erabiliz gau osoan zehar ordu luzez musika bolumen altuan jartzeak, bizilagunen loa galarazten du, herritar guztiek duten atsedenerako eskubidea urratuz. Udalaren iritziz, egoera honek herriko bizikidetza kaltetzea dakar. Parrandarako gogoak ez du justifikatzen beste herritarren eskubideak zapaltzea.
Amasa-Villabonako Udalak ez du baliabide nahikorik gauetan egoera honi zuzenean aurre egiteko, baina horrelako egoerak ez errepikatzeko Udalak Ertzaintzarekin komunikazioa eta lankidetza indartuko ditu.
Guztion artean Amasa-Villabona pandemia aurretik zen moduan bizikidetza on bat duen herria izatera itzultzea da nahi duguna. Horretarako, uneoro errespetuz eta gizalegez jokatzeko eta herritar guztien eskubideak errespetatzeko deia egiten dugu.
Pasa den larunbatekoa horrelako azken gertaera izan dadila.