Izaskun Zuriarrain Arratibel, 1936ko bonbardaketa faxisten biktima gogoan

Pasa den abenduaren 22an zendu zen Izaskun Zuriarrain Arratibel zizurkildarra, 87 urte zituela. 1936ko abuztuan, faxistek Donostian jaurtitako bonba batek Izaskunen bi ahizpa hil zituen eta zauriak eragin zizkion Izaskuni berari, bere bizitza betirako baldintzatuz.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek gogoan izan dute Izaskun Zuriarrain Arratibel eta ohar partekatu bat argitaratu dute. Honakoa da:
 
Izaskun Zuriarrain zizurkildarra zendu zen igandean, 87 urte zituela. Gertukoei doluminak adierazteaz gain, Zizurkil eta Villabonako Udalok, bere heriotzarekin bat, memoria eta egiarekin dugun konpromisoa berretsi nahiko genuke.
 
Izan ere, Zuriarrainen bizitza osorik baldintzatu zuen 36ko altxamenduaren osteko gertakari krudel batek. Frankistek aginduta, italiar hegazkin faxistek 1936ko abuztuaren 13an Donostian egindako bonbardaketa anker eta indiskriminatu batean Izaskun Zuriarrain larri zauritu zuten, ondorioak utziz bizitza osorako. Bonba hark Manuela eta Eulalia 13 eta 15 urteko bere bi ahizpak hil zituen.
 
Bonbardaketa berean Villabonako beste bi anaia txiki ere hil ziren: Josecho eta Aniceto Santamaría, 10 eta 30 hilabetekoak.
 
Zorigaiztoko egun hartan faxismoak gure herrietako lau haur hil zituen.
 
Francoren diktadurapean, urteetako ahanztura eta bazterketa pairatu behar izan zituzten biktima guzti horiek. Baina berandu bada ere, azken urteetan ari da egia eta aitortza bidea egiten, herrian ditugun taldeen ikerketen eta Udalon bultzadarekin, besteak beste.
 
Idatzi xume honen bidez, Izaskun Zuriarrain eta beste biktima guztientzat egia justizia eta aitortza aldarrikatu nahi ditugu.
 
Beren izenak ahaztu ez daitezen, bide horretan jarraituko dugu.
 
Izan bekio lurra arina.
 
Zizurkilgo Udala eta Amasa-Villabonako Udala
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!