Astearte arratsaldean izandako Udalbatzaren osoko bilkuran aurrekontu proposamenak EH Bilduko udal taldearen babesa izan zuen eta EAJ-PNV eta PSE alderdietako ordezkariek kontrako bozka eman zuten. Ondorioz, bozketari dagokionez, 2022. urteko Udal Aurrekontuak aldeko 7 bozka eta kontrako 6 bozka izan zituen.
UDAL AURREKONTUAREN BANAKETA OROKORRA:
Aurrekontu osoa: 7.055.346,75 euro
- Pertsonala: 2.519.643,84 euro (%35,71)
- Udal zerbitzuak: 2.639.973,54 euro (%37,42)
- Dirulaguntzak eta ekarpenak: 971.504,90 euro (%13,77)
- Inbertsioak: 731.004,47 euro (%10,36)
- Finantza gastuak: 190.220 euro (%2,7)
SAILKAKO AURREKONTUAK:
0.- Pertsonala: 2.519.643,84 euro
Pertsonalaren gastuari dagokionez, 2021. urtearekin alderatuta %3,9ko igoera izango da 2022. urteko aurrekontuan. Igoera horren baitan jasotzen da udal langileei aplikatuko zaien %2ko soldata igoera. Udal lanpostuei dagokionez, ez da aldaketa aipagarririk izango, soilik lanaldi murriztua zuten zenbait langile, lanaldi osoa izatera igarako dira, eta horrek eraginez gastua %1,9an igoko dela aurreikusten da.
1.- Udal Gobernua: 192.454,85 euro
2021eko aurrekontuarekin alderatuta, %4ko jaitsiera izan da alkatetzaren gastuetan. Murrizketa nabarmenenak bulegoko materialean (-%80), protokolo gastuetan (-%50), bilera eta hitzaldietan (-%50), alkatetzako dietetan (-%50) eta alderdi politikoen ekarpenean (-%12,5) aplikatu dira.
Aipagarria da 2019tik 2022ra, Udal Gobernuaren gastua %30,6an jaitsi dela, alkatearen soldataren murrizketa kontuan hartu gabe.
2.- Zerbitzu Orokorrak: 356.231,02 euro
2021eko aurrekontuarekiko %16,95eko igoera aplikatuko da zerbitzu orokorretako gastuetan. Igoera nabarmen hau, 2022. urtean ere herriko merkataritza sustatzeko kontsumo bonoen kanpaina/k antolatzeko 54.000 euroko diru-partida berri bat ezartzeak eragin du.
3.- Gizarte Zerbitzuak: 638.349,00 euro
Azken urteetako joerari eutsiz, Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontuak %8,49ko igoera izango du aurreko urtearekin alderatuta. Besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzuak (+%24) eta Politika Feministak (+%10) igoera nabarmenak izango dituzte.
Azpimarratzekoa da egungo Udal Gobernuak sail hau indartzeko egin duen ahalegin berezia, izan ere, 2019. urteko aurrekontuarekin alderatuz gero, Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontua %35,98an hazi da.
4.- Udaltzaingoa: 24.000,00 euro
Udaltzaingoari dagokion aurrekontua %2,04an murriztu da, batez ere aurten arropa berria erosteko diru gutxiago jarri delako. Hala ere murrizketa oso txikia da: 500 euro.
5.- Euskara: 126.442,95 euro
Euskararen normalizazioari eta sustapenari lotutako aurrekontua %1,84an handituko da 2021eko aurrekontuarekin alderatuta. Igoera hau, 2022an Korrika eta Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak izango direlako eman da. Gainerako gastu gehienak (dirulaguntza guztiak barne) bere horretan mantendu dira.
6.- Hirigintza eta zerbitzuak: 603.260,50 euro
Sail garrantzitsu honetan %6,88ko gastu murrizketa eman da, pasa den urteko aurrekontuarekin alderatuta. Izan ere, azken urteetan egin diren inbertsioei esker (LED argiteria berria instalatzea etab.) gastu murrizketa nabarmenak daude herri argiterian eta udal eraikinetako argindarrean. Besteak beste, aurrezpen azpimarragarriak izango dira aholkularitza juridikoan (-%50), Covid-19aren kontrako materialaren erosketan (-%90) edota kaleak garbitzeko makinaren mantenuan (-%58,3).
7.- Kultura: 597.799,22 euro
Kultura saileko aurrekontua ia bere horretan mantenduko da, kopuru osoa soilik %0,42an murriztuko baita. Sail honetako partida ekonomiko garrantzitsuenak mantendu egin dira: Kultur ekintzak (70.000€), Kultur ikastaroak (37.000€) edota Santio Jaiak (101.780€). Era berean, kultur eragileei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak ere mantendu egin dira.
8.- Kirola: 230.835,00 euro
Sail honetako aurrekontua nabarmen handituko da, pasa den urtearekin alderatuta %14,1eko igoera izango baitu. Igoera hau batipat Eskola Kiroleko gastuan izandako igoera handiak sortu du. 2022an Eskola Kiroleko elkartearen eta monitoreen erregularizazio prozesua emango da eta horrek gastua nabarmen handituko du. Bestalde, Behar Zana elkartearen 75. urteurreneko ospakizunetarako eta Xake Joku elkartearen 50. urteurrenerako dirulaguntza berriak ezarri dira. Aipagarria da 2022. urtean, lehen aldiz pilotari profesionalen partida bat antolatuko dela Villabonako Udal pilotalekuan.
9.- Gazteria: 115.700,00 euro
Sail honetako aurrekontuak ere igoera nabarmena izango du 2022an: %47,95eko igoera. Ez-ohiko datu honek azalpen argia dauka, pasa den urtean Gaztelekuko kudeaketaren kontratua amaitu zen eta 2022an kontratu berria sinatuko da. Kontratu berri honekin, gaztelekuko zerbitzua hobetzea da helburua eta gainera Katea-Etxea gaztelekuko ekintzetarako aurrekontua ere 2.500 eurotik 6.000 eurora igoko da.
10.- Hezkuntza: 195.874,90 euro
Hezkuntzari lotutako gastuetan %21,87ko murrizketa izango da 2022ko aurrekontuan. Datu hau engainagarria da, murrizketa ia osoa Covid-19ari aurre egiteko ez-ohiko garbiketa eta desinfekzio lanen desagerpenaren ondoriozkoa baita. Beraz, hezkuntzara bideratutako aurrekontua, pandemia-aurreko egoerara bueltatzen dela esan daiteke.
11.- Ingurumena eta mendiak: 528.600,00 euro
Sail honetako aurrekontuan ez da aldaketa nabarmenik izango eta iazko kopuru ia berdinean mantenduko da (soilik %0,56eko murrizketa izango du). Aipagarria da Amasamendiko mantenu lanak egiteko 10.000 euroko partida berri bat sortuko dela eta tokiko elikadura sustatzeko Tolosaldeko Lurtaro elkarteari dirulaguntza emango zaiola lehen aldiz.
DIRULAGUNTZAK ETA EKARPENAK
Aurrekontua: 970.573,90 euro
Udalak elkarte eta eragileekin sinatzen dituen dirulaguntza hitzarmenetarako eta beste erakundeei egin beharreko ekarpenetarako aurrekontua %4,85ean handituko da, 2021ekoarekin alderatuta.
Azpimarratzekoa da 2022an Udalak hiru dirulaguntza berri eskainiko dituela: Gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko "Bizilabe" programa garatzeko Elhuyar Fundazioari 2.500 euro, Tolosaldean tokiko elikadura eta elikagai ekologikoak bultzatzeko Lurtaro elkarteari 2.700 euro eta Tolosaldeko Arraun Klubeko (TAK) nesken taldearentzat traineru berri bat erosteko 3.000 euroko dirulaguntza.
INBERTSIOAK 2022
Aurrekontua: 731.004,47
Hirigintza eta zerbitzuak:
- Olaederra kiroldegiko kantxaren birmoldaketa: 115.000 euro
- Espaloiak eta asfaltatze lanak: 60.000 euro
- Komun publikoak: 57.000 euro
- Ur parkea Erreboteko plazan: 41.548,01 euro
- Kale garbiketako makina elektrikoa erostea (leasing): 31.500 euro
- Gurea antzokian konponketak, segurtasuna hobetzeko: 30.000 euro
- Olaederra kiroldegiko erreformak: 29.800 euro
- Hirigintzako proiektuen erredakzioa: 25.000 euro
- Villabonako udal pilotalekuaren margotzea: 22.000 euro
- Txermingo Udal lokaleko birgaitze lanak: 20.000 euro
- Udal Brigadarako materialaren erosketa: 15.000 euro
- Parke berria eraikitzea Amalurra plazan: 14.500 euro
- Hiri altzarien erosketa: 12.000 euro
- Furgoneta elektrikoa erostea (leasing): 8.000 euro
- Udal Brigadako kamionetaren leasing-a: 4.389,06 euro
- Kaleak garbitzeko sopladora elektrikoa erostea: 2.000 euro
Ingurumena eta mendiak:
- 2021-2030 Energia Plana: 50.000 euro
- Errekak babesteko sare metalikoak jartzea: 25.000 euro
- Euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak Kale Berrian: 20.000 euro
- Herri-bideen inbentarioaren berrikuspena: 15.000 euro
Hezkuntza:
- Fleming Herri Eskolarako inbertsioak: 70.000 euro
- Arratzaingo eskoletan gasa jartzeko lanak: 20.000 euro
- Seaska Haur Eskolako parkea eraberritzea:14.395 euro
Besteak:
- Liburutegirako liburuak: 11.000 euro
- Gaztelekurako altzariak erostea: 6.000 euro
- Inpresoren leasing-a:5.372,40 euro
- Informatikako inbertsioak: 5.000 euro
- Udal jabetzako tabernetarako tresnak: 1.500 euro