Bolatokia estaltzea eta padel pistak eraikitzea izan da proiektu irabazlea, 1.033 herritarrek parte hartu duten Herri Galdeketan

Amasa-Villabonako Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziak martxan jarritako parte hartze prozesua amaierara iritsi da, azaroaren 19tik gaur arte luzatu den Herri Galdeketarekin.

Lehenik eta behin lortutako parte hartze zabala azpimarratu nahi dugu, guztira 1.033 izan dira beren bozka eman duten herritarrak, 16 urtetik gorako erroldatuen %20,8ak.
 
Parte hartzeari dagokionez, Udalak balorazio oso positiboa egiten du, horrelako parte hartze prozesu batean 1000 herritarretik gorak parte hartzea ez da zifra makala, batez ere asteburuan izan dugun eguraldi makurra kontuan izanda.
 
Herri Galdeketan ez da intzidentzia aipagarririk izan eta normaltasuna izan da nagusi. Telematikoki bozkatzeko sistemak behar bezala funtzionatu du eta bozketa presentziala ere espero bezala garatu da.
 
EMAITZAK: Proiektuek lortutako puntu kopurua:
 
1.- Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea: 1221 puntu
2.- Txermingo aparkalekua eraberritzea eta inguruaren urbanizazioa: 1079 puntu
3.- Skate park-a Olaederra Kiroldegiaren inguruan: 909 puntu
4.- Maiatzaren lehena plaza ondoko haur-parkea estaltzea: 545 puntu
5.- "Bike park" edo bizikletan aritzeko gune zabala sortzea Otsabin: 457 puntu
6.- Txermin auzoan Zubimusu Ikastolaren alboko kalea oinezkoentzat jartzea: 431 puntu
7.- Etxeondo auzoko plazaren zoladura konpontzea: 295 puntu
8.- Parke megalitikoa egitea Komizarko naturgunean: 219 puntu
9.- Parke bio-osasungarria Kale Nagusiaren hasierako pasealekuan: 186 puntu
10.- Kalistenia parkea jartzea Otsabiko parkearen alboan: 175 puntu
11.- Erreboteko plazaren arkupeetan eta bere inguruan panel berriak jartzea (Erreboteari buruzkoak): 71 puntu
 
* Bozka zuriak: 3. Baliogabeko bozkak: 3.
 
Ondorioz, Herri Galdeketan herritarren babes handiena lortu duen proiektua izanik, Udalak Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzeko konpromisoa hartzen du 2022. urtean. Datozen egunetan Udala harremanetan jarriko da proiektu hau proposatu zuen herritarrarekin, proiektua aurrera eramateko eman beharreko pausuak adosteko.
 
Proiektu honen aurrekontua 396.590 eurokoa izanik, ezin izango da beste proiekturik egin, Udalak parte hartze prozesu honetarako ezarritako aurrekontua 400.000 eurokoa baita.
Amaitzeko, gure poztasuna adierazi nahi dugu, parte hartze prozesu honen hasieran ezarritako helburuak bete direlako eta Amasa-Villabonan inoiz egin den parte hartze ariketa handiena garatu dugulako. Prozesu hau mugarri oso garrantzitsua izango da zalantzarik gabe, eta galdeketaren emaitzaz haratago, herria izan da garailea.
 
Datorren astean, Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziaren bilkura izango da prozesuaren balorazio sakonago bat egiteko alderdi politikoetako ordezkariekin batera.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!