Testua oposizioko alderdiekin adosteko saiakera egin den arren, EAJ-PNV eta PSE alderdietako ordezkariek ez dute testuaren edukiari buruz hitz egin eta adostasunera iristeko borondaterik izan. Ondorioz, aurtengoan ezin izan da Udalaren Adierazpen Instituzionala argitaratu, eta aurkeztutako testu ezberdinak datorren azaroaren 30eko Udalbatzaren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira.
Udal Gobernuak bere atsekabea adierazten du, adostasun zabala eskatzen duen horrelako gai larrietan ere, oposizioak hitz egin eta adostasunetara iristeko erakutsi duen borondate faltagatik eta ondorioz Udal gisa testu bateraturik ezin kaleratu izanagatik.
Udal Gobernuak bere atsekabea adierazten du, adostasun zabala eskatzen duen horrelako gai larrietan ere, oposizioak hitz egin eta adostasunetara iristeko erakutsi duen borondate faltagatik eta ondorioz Udal gisa testu bateraturik ezin kaleratu izanagatik.
Adierazpen honetan, besteak beste, gaur, arratsaldeko 19:00etan, Malkar plazatik abiatuko den manifestazioarekin bat egiten du, eta amasa-billabonatar guztiei bertan parte hartzeko deia egiten zaie.
AZAROAK 25: EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA - UDAL GOBERNUAREN ADIERAZPENA
2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.
Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren erailketa hauetaz gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde hauen lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu.
Urte luze hauetako lana izan da Indarkeria matxistari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.
Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegi zabalpena bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du "emakumearen aurkako indarkeriagatik" ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.
Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.
Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, Amasa-Villabonako Udaletik horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa hartu behar dugu, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz hala nola, emakumeon txokoa, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar.
Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.
Nabarmendu nahi dugu, azken aldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feminista askoren kontrako jazarpen handia ari garela ikusten. Ez da kasualitatea. Espazio publikoa hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gaineratzen dituzten emakume feminista hauek jazartzea, antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da. Eremu digitalean gertatu diren jazarpen kasu hauek gutxiestera jo izan dugu, baina duten garrantzia eta emakume hauen jarduna eteteko duen asmoa salatzeko garaia da. Horregatik, lerro hauek erabili nahi ditugu, espazio horietan dauden kideei haien lana eskertu eta alboan gaituztela esateko.
Hori horrela, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazten du:
1.- Amasa-Villabonako Udalak, gure udalerrira egokituta egongo den indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokolo berri bat garatzeko asmoa azaltzen du eta zeregin hori herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean eta adostasunarekin garatu nahi du.
2.- Udal honek 2022eko aurrekontuetan, Politika Feministara bideratutako aurrekontuan %10eko igoera egingo du.
3.- Amasa-Villabonako Udalak larrialdietako alerta-mekanismoak indartuko ditu, larrialdietan erantzuna bizkortzeko eta bermatzeko.
4- Udal honek Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
5.- Udal honek aurten egin duen bezala, 2022. urtean ere, indarkeria matxisten prebentzio eta salaketa kanpaina zabal bat garatzeko konpromisoa hartzen du, herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean eta adostasunean.
6.- Amasa-Villabonako Udalak 2022ko Santio jaietan, eman litezkeen erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokolo berezi bat sortzeko, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Santio Jai Batzordearekin batera egiteko konpromisoa hartzen du.
7.- Udal honek herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu.
8.- Udal honek, herriko mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean.
9.- Erakunde honetatik, hau da, Amasa-Villabonako Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
10.- Udalak bat egiten du Azaroaren 25ean Amasa-Villabonako Lurgatz Talde Feministak eta Akain Talde Feministak "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain!" lemapean deitutako mobilizazioekin eta herritarrei parte hartzeko deia egiten die.
• Deialdia: 19:00etan Manifestazioa Malkar plazatik abiatuta.