Pasa den uztailaren 15ean udaleko ordezkaritzak Donostiako Aldundiko Mugikortasun saileko egoitzan egin zen bileran parte hartu zuen Buruntzaldeko autobus zerbitzu publikoaren emakida berriaren baitan sartzen diren beste hainbat herrietako udal ordezkariekin batera. Bilera hartan, aldundiko ordezkariek Villabona eta Irurako udalek egindako eskaerari erantzun positibo bat emanez, irailean Tolosa-Donostia herriz herriko BU-07 autobus zerbitzuaren maiztasuna 90 minututakoa izatetik, berriro ere 30 minututakoa izatera pasatuko zela hitzeman zuten. Ondorioz, udalak herritarrei aldaketa hori emango zela jakinarazi zien, aldaketa egiteagatik bere poztasuna adieraztearekin batera.
Hori horrela izanda, aldundiko Mugikortasun sailak eta Lurraldebus-ek irailaren hasieran publikoki aurkeztu zituzten Buruntzaldeko zerbitzu ezberdinetako aldaketetan, ez zen aipatutako aldaketa txertatu eta udalak ez zuen inolako azalpenik jaso. Hau ikusita, irailaren 6an Villabonako Udalak azalpenak eskatzeko mezu bat bidali zuen Aldundiko Mugikortasun sailera, baina gaur gaurkoz Aldundiak oraindik ez du erantzunik eman. Erantzunik jasotzen ez zuela ikusita, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak ofizialki gutun bat bidaltzea erabaki zuen asteazken honetan (irailak 14).
Bestalde, pasa den astean herriko hainbat erabiltzaile Udalarekin harremanetan jarri ziren, Aiztondotik eta Villabonatik ikasleak Tolosako Orixe BHI institutura joateko zuten autobus zerbitzua 2 autobusekoa izatetik bakarra izatera murriztu dela adieraziz eta horrek ikasleak institutura garaiz iristeko arazoak sortzen dizkiela salatuz. Beatriz Unzue alkateak, gai hau ere aipatzea erabaki zuen aldundira bidalitako gutunean, erabiltzaileek egiten duten eskaerarekin bat eginez.
Villabonako Udalaren izenean, Beatriz Unzuek Aldundiko Mugikortasun sailera bidalitako GUTUNA