Uraren eta hondakin bilketaren tasak ordaintzeko dirulaguntzak eskatu daitezke

Eskaerak irailaren 1etik 17ra egin daitezke Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Udalak uraren eta hondakinen bilketaren tasak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat dirulaguntza lerro bat jarri du martxan aurten ere. Laguntza hauek jasotzeko eskaera Herritarren Arreta Zerbitzuan (Zuretzat) egin beharko da; Udaletxeko beheko solairuan.
 
Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte
1. Amasa-Villabonan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea, eskaera aurkezten denean.
2. Bizikidetza-unitate bateko kide izatea, eta bizikidetza unitate horren diru-sarrerek oinarrietan ezarritako muga ez gainditzea (bizikidetzako kide guztien sarrerak batuta).
3. Bizikidetza-unitatearen erreferentzi gisa hartuko da Biztanleen Udal Erroldan fakturetan adierazitako epeei dagokion informazioa.
4. 10.000 eurotik gorako ondarerik ez izatea, ohiko etxebizitza kontuan hartu gabe.
5. Fakturaren ur kontsumoak ezingo du etxebizitza horretan erroldatutako pertsonako 10 m kubiko gainditu, hiruhileko bakoitzean.
 
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Dirulaguntza jasotzeko eskubidea dutela uste duten zergadunek Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dute eskaera, ondorengo agiri hauekin batera:
 
 
• Eskatzailearen eta bizikidetza unitateko gainerako kideen NANa edo nortasuna egiaztatzen duen beste agiriren bat.
• Familia liburua, edo zaintza eta babespea, edo tutoretza egiaztatzen duten agiriak.
• Banatuta, dibortziatuta edo seme-alaben eta gurasoen harremanekin zerikusia duen beste edozein gai garrantzitsu egonez gero, dagokion epaia eta pentsioa justifikatuko duen ordainagiria.
• Eskatzailearen kontu korrontea eta titulartasuna adierazten duen banku agiria.
• 2020 urteko fakturak ordainduta daudela egiaztatzen duen agiria.
• Bizikidetza unitateko kide guztien 2020ko informazio fiskala.
• Lan eta egoitza baimenik ez dituztenen kasuan, eta 2020 urtean DBE eta EPO dirulaguntzaren onuradun izan zirenak, Lanbidek igorritako dirusarreren ziurtagiria.
• Diru-sarrerarik ez badago, diru-sarreraren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.
 
Eskaerak egiteko epea gaur, irailak 1, irekiko da eta irailaren 17an, eguerdiko 14:00etan, itxiko da.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!