Horrela, pasa den ekainaren 22an izandako Amasa-Villabonako Udalbatzaren Osoko Bilkuran, udaleko alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten EH Bilduk aukerztutako Erakunde Adierazpena. Adierazpen honekin, udalak hitz solietatik harago joan nahi izan du eta 12 konpromiso zehatz hartzen ditu udal politika publiko guztientan kolektibo honen eskubideak kontun hartu eta errespetatuak izan daitezen.
Adierazpenaren eduki osoa:
EKAINAK 28: LGTBI HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA
52 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartzen dituzte estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.
Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere: eskubide berberak dituen jende askearen gizartea izateko, sexu-desioaren orientazioagatik edo genero-identitateagatik bereizkeriarik gabe.
Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Informazio eta datu askoren arabera badakigu jada konfinamenduak LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri dituela; haien eskubideak bermatu beharrean, urratuak izan dira, zaurgarritasun bereziko testuinguru batean. Are gehiago, gaur egun krisi sozioekonomiko larriak ate joka dugunean, gorroto-diskurtsoak eta erasoak areagotzen ari dira, eta LGTBI pertsona askoren bizi-baldintza orokorrak prekarizatzen eta okertzen ari dira, batez ere bereziki zaurgarriak diren kolektiboenak, hala nola trans pertsonak, egoera administratibo irregularrean daudenak, arrazializatuak, etab. Bereziki kezkagarria da Trans pertsonen aurkako gorroto diskurtsoen igoera.
Pandemiak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Orain, osasun-krisitik ateratzen ari garenean, "normaltasun" desiragarrira itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira: normaltasun horrek, ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, baztertuta bizitzen jarraitzea esan nahi du, beren eskubideez gozatu gabe edo dituztenak galduta ere bai.
Krisi-une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, konpromisorik gabeko adierazpen hutsak baztertuz. Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Aitzakiarik gabe, politika eraldatzaileak eta nahiko baliabideak bermatu behar ditugu, gure udalerri eta herrialdeetako LGTBI pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko: krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz transitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko.
Urtero bezala, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.
Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak.
Horregatik, Amasa-Villabonako Udalak konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:
1) LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egitea, pandemiaren krisiaren eraginaren ondorioz, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta.
2) Egindako diagnostikoari erantzungo dioten ekintzak bultzatzea, gure udalerriko LGTBI pertsonen egoerari eta beharrei erantzuteko neurriak hartuz.
3) LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzeko eta abian jartzeko pausuak ematea.
4) LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan...
5) LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIfobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzea.
6) Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak sustatzea, gizarte eta hezkuntza eragileekin elkarlanean.
7) Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte eta hezkuntza esparruetarako.
8) Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.
9) Zaintzei buruzko lan-ildoak aktibatzea ikuspuntu feministatik eta LGTBI ikuspegitik, zaintza sare komunitarioekiko, kolektibo feministekiko, LGTBI kolektiboekiko eta beste gizarte-eragile batzuekiko lankidetza sustatuz.
10) Adinekoen egoitzetan edo eguneko zentroetan, hainbat neurri modu koordinatuan sustatzea, LGTBI pertsonek beren aukera sexuala eta genero-aukera askatasunez bizi ahal izan dezaten, diskriminaziorik gabe.
11) Indarkeriaren biktima diren eta egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera-espazioak sortzea, arreta psiko-sozialeko, ekonomikoko, hezkuntzako eta bizitokietako zerbitzuak integratuz, adingabeen, migratzaileen, transexualen berariazko beharrak jasoz.
12) Zeharka, LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzea.
Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herrian eta orokorrean Euskal Herriko hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten.
Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!