Atzoko osoko bilkuran, Amasa-Villabonako udalbatzak erabaki hori berretsi zuen aho batez. Beraz, prozesu parte hartzaile honek erabateko kontsentsu politikoa du.
Aholkularitza zerbitzua kontratatuko da
Udalak berak dituen bitartekoekin soilik oso zaila da horrelako dimentsioa duen parte hartze prozesu eta herri galdeketa bat aurrera eramatea, beraz, Udalak kanpo-aholkularitza eta laguntza zerbitzua kontratatuko ditu. Horrela, udaleko herritarren parte hartze Batzordeak EMUN Kooperatibak aurkeztutako proposamena onartu du.
400.000 euro amasa-billabonatarren erabakiaren esku
Udalak 400.000 euro (BEZ barne) bideratuko ditu herritarrek proposatu eta bozkatutako proiektu eta egitasmoetara. Horrela, amasa-billabonatarrek aurkeztutako proiektu desberdinen artetik aukeraketa bat egingo dute bozketa zuzenaren bidez. Emaitza loteslea izango da eta udalak hautatuak izango diren proiektuak 2022. urtean gauzatzeko konpromisoa hartzen du. Herritarren eskura jarritako 400.000 euroak udalaren altxortegiko gerakinetik irtengo dira.
Herritarren parte hartze batzordea, organo erabakitzailea
Udalean eratuta dagoen Herritarren parte hartze batzordea da prozesuaren nondik norakoak finkatuko dituen organo erabakitzailea, eta bertan erabaki dira prozesuaren ezaugarriak. Prozesu hau Amasa-Villabonako Udalak 2014 urtean onartutako Herritarren parte hartzeari buruzko araudiak-k markatutakoaren arabera garatuko da.
Maiatzaren 1etik ekainaren 15era, proposamenak aurkezteko epea
Amasa-Villabonan erroldatuta dagoen bizilagun orok egin ditzake proposamenak; norbanako moduan edo talde zein elkarte baten ordezkari moduan. Ezinbestekoa da egindako proposamena ahalik eta zehatzena izatea, eta, aurrekontu bat aurkeztea. Proposamenak bideragarria izan beharko du, eta ez da 400.000 eurotik gorako aurrekontua duen proposamenik onartuko. Derrigorrezkoa izango da indarrean dauden araudiak betetzea.
Nola egin proposamena?
Udalak inprimaki bat osatu du eta https://villabona.eus/eu/ webgunean deskargatu daiteke. Proiektu proposamenak aurkeztu ahal izateko, inprimaki hori bete beharko da eta ondoren udalean ofizialki aurkeztu. Modu telematikoan zuretzat@villabona.eus helbidera bidaliz, nahiz presentzialean (Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan) aurkeztu daitezke proposamen horiek.
Ekaina eta uztaila bitartean bildutako proposamen guztien bideragarritasun ekonomiko eta teknikoak zorrotz aztertuko ditu Udalak, dagokion teknikarien txostenen bidez. Azterketa tekniko horien arabera, jasotako proposamen bakoitza herritarrei hautatzeko eskainiko zaizkien aukeren artean sartu edo ez erabakiko du Udaleko Herritarren parte hartze batzordeak. Horrela, uztaila amaitzerako herritarrei bozkatzeko aurkeztuko zaizkien proiektuen behin betiko zerrenda osatuta egongo da.
Iraila eta urrian zehar informazioaren hedapena
Herritarrek bozkatzeko izango dituzten proiektuen informazioa zabalduko da Udalaren ohiko bitartekoen bidez, baita prentsan ere. Aldizkari berezi bat ere argitaratuko da. Bertan, herritar guztiek galdeketaren informazio objektibo, garden eta ulerterraza jasoko dute.
Azaroan erakusketa eta herri galdeketa
Azaroaren 1etik 15era bozkatzeko aukeren artean egongo diren proiektu guztiekin erakusketa bat egingo da. Bertan, proiektu bakoitzaren xehetasunak bertatik bertara kontsultatu ahal izango dira. Era berean, galdeketan parte hartzeko informazio praktikoa helaraziko zaie herritar guztiei.
Herritarren parte hartze prozesuarekin amaitzeko, azaroaren amaierarako herri galdeketa gauzatuko da.