Udalaren dirulaguntza berria herriko ostalaritzari, urtarrilean itxita egondako egunengatik

Amasa-Villabonako udalak herriko ostalaritzari bideratutako dirulaguntza berri bat onartu du, Covid-19ari aurre egiteko prebentzio neurrien ondorioz (batipat eremu gorrian egondako asteetan establezimenduen derrigorrezko itxieraren ondorioz) sektoreak bizi duen egoera larria gainditzen laguntzeko helburuarekin.

Honakoa, herriko ostalariek jasoko duten 3. dirulaguntza zuzena izango da eta gogoan eduki behar da udalak hilabeteak daramatzala (terrazen tasaren kasuan 2020ko martxoitik ez da kobratu) establezimendu hauei zerga eta tasak murrizten edo ezabatzen. Beraz, baiezta daiteke udalak ahalegin handia egin duela, gure herrian ezinbestekoa den eta herriko kaleei bizitasuna ematen dien sektore garrantzitsu honi aurrera egiten laguntzeko.
 
Dirulaguntza honekin, Amasa-Villabona eremu gorrian egoteagatik taberna edo jatetxea itxita eduki behar izan den urtarrileko 17 egunen ondorioz sortutako kalteak arintzea lortu nahi du udalak.
 
8.556,63 euro banatuko dira herriko 23 establezimenduen artean
Urtarrileko dirulaguntza berri hauen kopuruak, 2020ko azaroan emanadako dirulaguntzetan ezarritako kopuruen arabera kalkulatu dira: establezimendua itxita egondako hilabete bakoitzeko 600€, alokairua ordaintzen dutenei hilean 200€ gehiago (guztira 800€) eta okindegi-kafetegiei hilean 300€. 
 
Urtarrilean negozioa derrigor itxita eduki behar izan duten egun kopurua 17koa izanik, zati proportzionala kalkulatu da eta honakoak dira ostalariek jasoko dituzten kopuruak:
  • Establezimendu bakoitzak: 340€ 
  • Alokairua ordaintzen dutenek: 453,33€ 
  • Okindegi-kafetegiek:170€
  • Alokairua ordaintzen duten okindegi-kafetegiek: 283,33€  
Amasa-Villabonako 11 establezimenduk jasoko dute lehen kontzeptuko dirulaguntza (340€), bigarren kopurua (453,33€) beste 9 establezimenduk, hirugarrena (170€) establezimendu batek eta laugarrena (283,33€) bete bi establezimenduk. Horrela banatu dira udalak dirulaguntza hauetara bideratu dituen 8.556,63 euroak.
 
Ordainketa ofizioz egingo da, otsailaren 2an
Herriko ostalariei lan gehiagorik ez jartzeko eta dirulaguntza jasotzeko prozedura errazteko, udalak zuzenean diru transferentziak egingo ditu astearte honetan ostalarien kontu korronteetara. Horrela, ostalariek ez dute berriro ere udalean dokumentazioa aurkeztu beharko. 


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!