Udalbatzak euskal presoen urruntzearekin amaitzea eskatu du

Asteartean egindako Osoko Bilkuran, Amasa-Villabonako udalbatzak udal gobernuak aurkeztutako Erakunde Adierazpena onartu zuen gehiengo osoz. Adierazpenak EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien babesa izan zuen eta PSEko ordezkaria abstentziora jo zuen, beraz, onartua izan zen aldeko 12 boto eta abstentzio bakarrarekin. Erakunde Adierazpen honen bidez, udalak euskal presoei legedi penitentziario arrunta aplikatzeko eta salbuespenezko politikekin (batez ere presoen urruntze eta dispertsioarekin) amaitzeko eskatzen dio espainiar gobernuari.
 

Honakoa da Amasa-Villabonako udalbatzak onartutako adierazpena hitzez-hitz:
 
EUSKAL PRESOEN URRUNTZE POLITIKAREKIN AMAITZEAREN ALDEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA
 
Udalbatza honek euskal presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi du.
 
Udalbatza honek honako lehen eskaera egiten du:
  • Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten du: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz.
Euskal gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, Amasa-Villabonako Udalbatzak honakoa adierazten du:
  1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu euskal presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.
  2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.
  3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.
  4. Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten lagunduko luke. Gainera, aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko.
Adierazpen hau, honako erakunde eta arduradunei helaraziko zaie:
- Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari; Iñigo Urkullu, Lehendakariari; Maria Chivite, Nafarroako Presidenteari; Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidenteari.
- Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei.
 
Honekin lotuta, udalbatza honek datorren abenduaren 31n "Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira" lema izango duen eta Villabona eta Zizurkil arteko ibilbidea gauzatuko duen manifestazio bat antolatzea babesten du, herritarrei parte hartzeko deia luzatzen die eta Amasa-Villabonako udala mobilizazioaren antolatzaile eta deitzaile gisa agertzea onartzen du.
 
Azkenik, Amasa-Villabonako Udalbatzak gabonetako egunetan (uztailaren 23tik urtarrilaren 7ra) udaletxearen kanpoaldean eta Gurea zineko eraikineko dorrean, euskal presoen urruntzearen aurkako mezua duen argiztatutako kartel bana jartzea onartzen du.
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!