Udalaren Adierazpena Euskararen egunean

Amasa-Villabonako udalbatzak bi erakunde adierazpen onartu zituen euskararen egunerako, bata udal gobernuak osatu eta proposatutakoa eta bestea EAJ-PNV alderdiak aurkeztutakoa (bigarren hau EUDEL-en alderdi politiko guztiek adostutako testu bera da). Bi adierazpenak aho batez onartu ziren. Udal gobenuak aurkeztutako adierazpenaren bidez udalak 16 konpromiso hartzen ditu euskara sustatzen jarraitzeko eta euskararen normalizazioan aurrera urrats sendoak emateko.

Honakoa da udal gobernuak aurkeztu eta udalbatzak onartutako Erakunde Adierazpena:
 
ZIOA
 
Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3. egunarekin ospatzea erabaki zuenetik, urteak joan urteak etorri, euskararen hiztun komunitateak lortu du, besteak beste estandarizazio prozesuari (1968) eta euskaltzaleen zein euskalgintzako eragileen bultzadari esker, euskara hilzoritik ateratzea.
 
Hala ere, urte luzetan izandako euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak alferrikakoak gerta daitezke azken urteotan euskarak hainbat arlotan jasandako atzerakada dela medio.
 
Joan den urtean, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak geneuzkala genion; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Egia da, baina era berean hizkuntza politika bateraturik ez geneukala salatu genuen eta, tamalez, hizkuntza politika bateraturik izan gabe jarraitzen dugu.
 
Urte honetan, zoritxarrez, Covid-19 pandemiak mundu osoa erasan du. Hizkuntza gutxituek ere pairatu dituzte pandemia global honen ondorioak. Euskara zokoratua eta, kasu zehatz batzuetan, ezabatua ere izan da. Euskal Herriko edo euskararen lurraldeko erakunde publikoek, oro har, pandemiaren lehentasunezko izaera argudiatuta, euskararen erabilera bigarren maila batera eraman dute, euskararen hiztun komunitateari bizkarra emanez eta urteetan egindako lana arriskuan jarriz.
 
Covid-19a agertu zenetik, euskararen egoerak atzerakada nabarmena izan duela ohartarazten dugu. Hezkuntzan, non ikasle askok euskararekiko zeukaten eremu bakarra, eskola, galdu duten. Hedabideetan, non euskara lotsagabeki zokoratua eta baztertua izan den. Kulturan, non ikuskizunetan eta sortzaileen lanen hedapenean, euskararen hiztun komunitatearen haustura eta sakabanaketa areagotu den. Administrazioetan, non Covid-19ak eragindako itxialdian zehar administrazio publikoen aldetik euskararen erabilera zokoratu den. Badirudi, euskarak ez duela larrialdi egoeratarako balio.

Oraindik ez dakigu gure hizkuntzaren egoera noraino okertu den, eta oraindik gehiago okertu daitekeela dirudi. Hori horrela, gure hizkuntzak jasandako kalteak zeintzuk eta zenbatekoak diren aztertzea beharrezkoa da.
 
Horregatik, guztiagatik, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari (abenduak 3) begira euskararen hiztun komunitateak, gure hizkuntza biziberritzeko konpromisoa indartu behar du. Ildo horretan, erakunde publikoek euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan eta osotasunean garatuak izan daitezen, ahalegindu behar dugu.
 
Herri mugimendua izan da, eta izan behar du, euskararen normalizazioaren oinarri eta bidelagun: Euskalgintzan aritzen diren herritarrak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Galtzaundi Tolosaldeko euskara elkartea, AEK, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz etab. Pandemiaren eraginez euskararen aldeko hainbat ekimen (Korrika, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Durangoko Azoka etab.) bertan behera uzteak, edota euskarazko kultur ikuskizunak eta ekitaldiak egiteko izan diren zailtasun handiak, kolpe latza izan dira euskararen biziberritze prozesuarentzat. Egoera honetan agerian geratu da herri mugimendua eta bere bultzada ezinbestekoak direla.
 
Aurtengo Euskaraldiaren ezaugarri bereizgarria Arigunearen ideia da. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Horrek izan behar du gure aurtengo xedea eta eginkizuna; euskarari, euskararen hiztun komunitateari, bizitzeko funtzioak eta eremuak zabaltzea eta berriak eranstea.
 
ADIERAZPENA
 
Hori horrela, Amasa-Villabonako udalak, honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2020ko euskararen nazioarteko egunean:
 
  1. Covid-19 pandemiaren krisiak euskararen normalizazioan sorrarazitako kalteak ebaluatu eta kalte horiei aurre egiteko neurriak hartzea, Euskaran ados! mahai parte hartzailearen baitan.
  2. Amasa-Villabonako udala urte osoan zehar Arigunea izatea. Euskara izango da udalaren eta udal langileen ohiko hizkuntza eta udalak herritarrekin zein beste erakundeekin edukiko dituen harremanak euskaraz (gutxienez) izango dira.
  3. Udalak egingo dituen kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea.
  4. Kontratazioetan, legeak baimentzen duen neurrian, euskara ziurtagiriak (Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste) kontutan hartzea.
  5. 2021-2022 epealdirako Euskararen Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) osatzea eta martxan jartzea.
  6. Udalak, euskaraz diren hainbat tresna sustatzea, hala nola softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
  7. Euskarazko toki-komunikabideekin urte anitzeko hitzarmenak sustatzea, hedabide hauen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
  8. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
  9. Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, federazioekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
  10. Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
  11. Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzen jarraitzea.
  12. Euskara ikasteko martxan dauden laguntzak mantentzea, euskara ikastea doakoa izango dela bermatuz.
  13. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
  14. Jarduera arau-emailea garatzea, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzeko.
  15. Eremu guztietako eragileekin (hau da, enpresa-elkarteekin, sindikatuekin, gremio-elkarteekin, merkataritza elkartearekin eta beste hainbat erakunderekin) akordioak bilatzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko konpromisoa har dezaten.
  16. Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin dugun elkarlanari eustea eta ahal bada, sendotzea.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!