Amasa-Villabonako udalbatzak pertsona "non grata" izendatu du Rodolfo Martin Villa espainiar ministro ohia

Amasa-Villabonako udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen EH Bilduk aurkeztutako Erakunde Adierazpena, aldeko 11 bozka (EH BIldu eta EAJ-PNV) eta aurkako bozka bakarrarekin (PSE-EE). Ondorioz, aurrerantzean Rodolfo Martin Villa espainiar ministro ohia pertsona "non grata" izango da Amasa-Villabonako udalerrian. Horrez gain, alderdi abertzaleen artean adostutako adierazpenean, Martin Villa auziperatzeko ahalegina egin duen Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu, eta Argentinako epaitegia egiten ari den lanarekin jarraitzeko eskatzen zaio.

Honakoa da udalbatzak onartutako adierazpenaren testua hitzez-hitz:
 
MARTIN VILLA PERTSONA “NON GRATA” IZENDATZEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA
 
Estatu espainiarraren inpunitate politika, diktadura frankistan eta trantsizio politiko deiturikoan gauzaturiko gizateriaren aurkako krimenen ikerketa eta auzipetze ezari dagokionez, gaur egungo arazoa da, gizartean eta gutxieneko estandar demokratikoak bete nahi dituen Estatu ororen oinarrizko zimenduetan eragina duena.
 
Rodolfo Martín Villa politika eta errepresio frankistaren egile nagusietako bat izan zen 60 eta 70eko hamarkadetan, SEUko buru nazional, sindikatu bertikaleko idazkari eta Bartzelonako gobernari zibil izan baitzen. Gero, Arias Navarroren gobernuarekin Harreman sindikaletarako zein gobernazio ministro eta, ondoren, Suarezen gobernuarekin Barne ministro izan zen. Haren agintepean, ministro zela 1975ko abendua eta 1979ko apirila bitartean, errepresio odoltsuaren erantzule izan zen, krimen larriak gauzatu baitziren: Gasteiz (1976), amnistiaren aldeko astea edota Iruñea (Sanferminak 1978), Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo, Madril, Malaga, Tenerife, Bartzelona, Alacant....
 
Martin Villa inputatua izan da, justizia unibertsalaren printzipioa aplikatua, Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalean gizateriaren aurkako krimenak egotzita, haren jarduna giza eskubideen urraketa masibo, sistematiko eta antolatuen esparruan gauzatu baitzen, berrogei urtetan zehar, diktadura frankistan, eta Trantsizio deiturikoan.
 
Gizateriaren aurkako krimenak direnez, preskripzioa ez da ezartzen, eta aipaturiko delituak ez daitezke ez amnistiatu, ezta indultatu ere. Horregatik, Argentinako agintari judizialek haren estradizioa eskatu zioten Gobernu espainiarrari. Ministro Kontseiluaren 2015eko martxoaren 13ko Erabakiak ukatu zuen eskaera.
 
Dena den, eta aipaturiko kereilaren tramitazioari utzi gabe, Estatu espainiarrak Giza Eskubideen eta nazioarteko zuzenbide penalaren arloan hartutako eginbeharrak behar bezala betetzeko, beharrezkoa da dagokien prozesu judizialak hastea, Martin Villak izan dituen erantzukizun penalak zehaztu eta garbitzeko.
 
Ez dirudi ordea horretarako asmoa duenik, Espainiako aginte eremu ezberdinetatik kereilaren tramitazioa galarazten saiatzeaz gain, irailean Maria Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartu bezperan, Gobernu presidente izandakoek eta beste zenbait pertsona esanguratsuk gutuna atera zuten Martin Villari babesa eskainiz, frankismoaren biktimentzat iraingarria eta justiziaren jardunean eragiteko ahalegin onartezina.
 
Aurrekoa oinarri harturik, Amasa-Villabonako Udalaren Osoko Bilkurari eskatzen diogu ondoko Erakunde Adierazpena onar dezala:
 
ADIERAZPENA
 
1.- Gobernu espainiarrari eskatzen dio 2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko, alegia Maria de Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskariari zegokiona.
 
2.- Nazioarteko Zuzenbidearen “estraditatu edo epaitu” printzipioa aplikatuz, Estatuak behar bezalako neurriak har ditzan auzitegi espainiarrek diktadura frankistan eta Trantsizio politiko deitutakoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ditzaten, eta, bereziki, Martin Villaren erantzukizuna izan daitezkeenak.
 
3.- Udalerri honetan Martin Villa pertsona “non grata” deklaratzea.
 
4.- Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu eta Argentinako epaitegia egiten ari den lanarekin jarraitzea eskatu.
 
5.- Espainiako presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari emandako babesa salatu memoria demokratikoaren kontra doalako.
 
6.- Erabaki hau ondoko hauei helaraztea: Justizia Ministerio espainiarrari, Auzitegi Nazionalaren buruari, Auzitegi Gorenaren buruari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari.
 
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!