Covid-19ari aurre egiteko dendari eta ostalariek egin dituzten inbertsioak arintzeko dirulaguntzak emango ditu udalak

Gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Amasa-Villabonako udalak martxan jarriko duen diru laguntza berri honen oinarriak: GAO U-15. Covid laguntzak Villabona

Covid-19ari aurre egiteko merkatari eta ostalariei laguntzeko programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio nahiz eta diru banaketa udalen bitartez egingo den, tokian tokiko erakundeak zehaztutako baldintzen arabera. Amasa-Villabonako udalak 25.956 euro jaso ditu. Dirulaguntza hauetarako oinarriak eta deialdia pasa den urriaren 7an onartu ziren 2020/534 Alkatearen Dekretu bidez. 
 
Azalpena
 
Herriko dendari eta ostalariek, Covid-ak exijitzen dituen segurtasun eta osasun protokoloak bete ahal izateko, lokalak eta lan egiteko moduak egokitu behar izan dituzte, horretarako hainbat inbertsio eginda. Gastu horiek arintzera datoz ez-ohiko dirulaguntza hauek. Ez dira diruz lagunduko maskarilla, gel eta antzekoetan egindako gastuak baina bai langile eta bezeroen babes eta segurtasunerako ekipamendu bereziak eskuratzeko eta lokala egokitzeko inbertsioak. 
 
Establezimenduek bete beharreko baldintzak
 
Programa honen dirulaguntzen onuradunak beren kontura lanean diharduten pertsonak edo autonomoak eta Villabonako enpresak edo elkarteak izan daitezke, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
 
  • Villabonan kokatutako establezimendua edukitzea.
  • Villabonako Udalarekin zorrik ez edukitzea.
  • Villabonan kokatutako establezimenduaren jarduera nagusia publikoa bertatik bertara artatzekoa izatea.
  • Covid-19 pandemiagatik publikoa artatzearekin lotutako zerbitzua emateko higiene edo eta babes neurri berriak ezarri behar izatea.
Diruz lagunduko diren jarduerak
 
Diruz lagundu ahal izango dira inbertsioak eta ekipamenduak, baita inbertsioak gauzatzeko azterketak ere, jarduera ekonomikoak Covid-19 edo koronabirusari aurre egiteko prestatzera bideratuak badaude. Besteak beste, honako hauek izango dira:
 
  • Lokalak eta laneko moduak egokitzea.
  • Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza edo ostalaritza lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.
  • Laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendu erosketak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2020ko martxoaren 14tik aurrera egin beharko dira (fakturaren data hartuko da kontuan) eta eskaera aurkeztu arte.
 
Ez da diruz lagunduko material kontsumigarrien erosketa, hala nola, gel hidroalkoholikoak, maskarak…
 
Dirulaguntzaren zenbatekoa
 
Programa honek diruz lagun daitekeen gastuaren % 100 finantzatuko du, gehienez 1.500 euro izanik establezimendu bakoitzeko. Establezimendu bakoitzeko dirulaguntza bakarra emango da.
 
Dirulaguntza honetarako ezarritako finantziazioa nahikoa ez bada egindako eskaera guztiei %100ean erantzuteko, dirulaguntzak onartutako gastuaren araberako proportzioan murriztuko dira, eskaera guztiei erantzun ahal izateko.
 
Eskaera egiteko lekua
 
Eskaerak udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxeko behe solairuan) aurkeztu beharko dira.
 
Eskaera orriak establezimenduaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu, udalaren webgunean (www.villabona.eus) argitaratuko den eskaera ofizialaren ereduan: ESKAERA EGITEKO INPRIMAKIA
 
Aurkeztu beharreko dokumentuak
 
  1. Eskaera orria beteta.
  2. JEZ alta ziurtagiria Villabonan, txikizkako merkataritza eta ostalaritzaren sektoreetako epígrafe ekonomikoetan.
  3. Eskatzailearen eta, hala badagokio, ordezkariaren NAN-aren kopia.
  4. "Memoria" izeneko eredua, Covid 19ari aurre egiteko eta jarduera ekonomikoa horretara prestatzeko zuzendutako jardueren memoria: MEMORIA EREDUA
  5. Dirulaguntzaren helburua diren gastuen fakturen zerrenda, ondorengo taula beteta: FAKTURAK JUSTIFIKATZEKO FITXA Egindako gastuen fakturen kopiak ere aurkeztu beharko dira, banku ordainagiriarekin batera.
* 2. ataleko dokumentua ez da aurkeztu beharko, baldin eta Udalarengatik «Covid-19 koronabisuraren bilakaerak eragindako galerak arintzeko txikizkako merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzako laguntza ekonomikoa» jaso bada.
 
Eskaerak aurkezteko epea
 
Eskaerak aurkezteko epea, 2020ko azaroaren 30ean amaituko da.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!