Argiteria publiko berria Villabona eta Arratzain arteko oinezkoen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2020ko uztailaren 17a

Amasa-Villabonako udalak argiteria publiko berria ezarri du Villabonako Txermin auzotik Arratzain baserrira, Fleming herri eskolara, futbol zelaira edota Otelarre auzoko etxebizitzetara igotzeko dagoen oinezkoen bidean. 

Bide honek orain arte ez zuen inolako argiztapenik eta puntu ilun nabarmena zen. Izan ere bide hau jende dezentek erabiltzen du; futbol entrenamendura joaten diren gaztetxoek, ikasleek, Otelarre auzoko hainbat bizilagunek... Udalak egindako inbertsio berri honekin, ondo argiztatutako bidea da segurtasunean asko irabazi delarik.
 
Argiteria publiko honetan LED teknologiadun argiak ezarri dira faroletan, kontsumo gutxikoak eta energia eraginkortasun egokia dutenak. Guztira 16 argi-puntu edo farola berri ezarri dira. Hauek ezartzeko obra udal brigadako langileek egin dute, udalaren baliabide propioak erabiliz.
 
Inbertsio berri hau, herriko puntu ilunak identifikatu eta desagerrarazteko udalak garatu duen plangintzaren baitan kokatzen da, batipat emakumeen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Bestalde, proiektu hau herriko argindar kontsumo publikoaren eraginkortasuna hobetzeko martxan dagoen energia planean ere jasota dago.
 
Beraz, hirigintza saileko inbertsio honekin udalak beste aurrera pausu bat eman du bi arlo garrantzitsu hauetan.    



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!