Honakoa da onartu den Erakunde Adierazpena:
LGTBI HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
51 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpenaren eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan.
Stonewalleko gertakarien geroztik LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da ekainaren 28an: gizartearen aniztasuna eta, bereziki, aniztasun afektibo-sexuala aldarrikatzeko eguna da, pertsona guztien eskubideak gizarte osoari gogoratzea xede.
COVID-19aren pandemiaren ondorioz, salbuespenezko une historiko bat bizi dugu. Pandemiak gogor astindu du mundua, gure bizimoduak hankaz gora jarri dira eta "normaltasun berri" batera itzultzeaz hitz egiten entzun dugu. Hala ere, LGTBI pertsonek bezala eskubide guztiak osorik baliatu ezin dituztenentzat, beharrezkoa da eskubide indibidual eta kolektiboak bermatzeko lanean sakontzen jarraitzea.
Erakundeok pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI pertsonena bezalako kolektibo ahulenek eskubide horiek izan ditzaten. COVID-19aren garaian ere egin behar dugu: krisia ezin da aitzakia izan inor atzean uzteko. Garaiz gabiltza garai berri bati ekiteko, aukera dugu euskal gizarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko.
Horregatik, ekainaren 28an, hainbeste LGTBI kolektibok eta pertsonak Euskal Herrian egin duten borroka luze eta estimaezina aitortu nahi dugu.
Era berean, udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin duen konpromiso politikoa berretsi nahi du, urteko egun guztietan. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin elkarlanean.
Horiek horrela, Amasa-Villabonako udalak:
- Konpromisoa hartzen du LGTBI pertsona guztien berdintasun osoaren eta eraginkorraren alde lan egiten jarraitzeko, barneko, Europako eta nazioarteko ordenamendu juridikoarekin bat etorriz.
- Aldarrikatzen du LGTBI pertsonak nazioartean aitortutako eskubide subjektiboen jabe direla, eta ezin zaiela inolako diskriminaziorik egin.
- Tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioaren bermatzaile gisa, konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren neurri eta tresna guztiak bultzatzeko, LGTBI pertsonen aurkako askotariko diskriminazio- moduei buruzko ezagutzak eskuratzen laguntzeko, eta tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipio hori lortzen laguntzeko.
- Bere eskumen-eremutik, konpromisoa hartzen du diskriminazioaren aurkako LGTBI araudi integral bat sustatzeko, indarrean dagoen araudia osatuko duena.
- Gogor gaitzesten ditu sexu-orientazioaren eta genero identitatearen ziozko indarkeria mota guztiak, hala agerikoak nola ikusezinak, bai eta gorroto-delituak, diskriminazioa, intolerantzia, umiliazioa, gutxiespena eta gainerako indarkeria sotilak ere.
- LGTBI mugimenduak hartutako konpromisoa eta egindako lana aitortzen du, funtsezkoak izan baitira LGTBI kolektiboaren giza eskubideak aitortzeko egindako aurrerapenean.
- Herritar guztiei dei egiten die diskriminazio mota guztiei buruz hausnartzeko, eta LGTBI mugimenduak deitutako ekintzetan parte har dezaten.
- Amasa-Villabonako udalak, LGTBI harrotasunaren sinboloa den ortzadar koloreko banderak ezarriko ditu hainbat udal eraikinetan.