Udalak energia hornidura kontratua sinatu du Goiener kooperatibarekin

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2020ko ekainaren 8a

Aurrerantzean Amasa-Villabonako udalak kontsumituko duen energiak jatorri berriztagarria izango du.  

Udalaren beharretarako energia hornidura zein enpresak egingo zuen erabakitzeko garatutako esleipen prozesuan GOIENER, S.COOP kooperatibak lortu zuen puntuaketarik altuena. Izan ere, udal gobernuak energia horniduraren ezaugarriak eta baldintzak ezarri eta baloratzeko garaian, garrantzia berezia eman nahi izan dio Amasa-Villabonako udalak kontsumituko duen energiaren jatorria %100ean berriztagarria izateari.

Pasa den ekainaren 3an sinatu zen kontratua, bi urtetako iraupena izango du eta gehienez beste bi urtetara luzatzeko aukera izango du udalak.  
 
Beraz, udal gobernuaren iritziz, honakoa beste urrats sendo bat da udalaren jardueraren jasangarritasuna lortzeko bidean. Munduaren eta gizateriaren etorkizuna kolokan jartzen duen larrialdi klimatikoari aurre egiteko, ezinbestekoa da ekonomia berde eta benetan jasangarria lortzeko pausuak ematea eta udalak norabide horretan jarraitzeko konpromiso irmoa du.
 
Gainera, udal gobernuak oso positiboki baloratzen du hornidura hau ekonomia sozial eta ekologikoan erreferentea den euskal kooperatiba batek egitea, energia multinazional handi eta boteretsu baten ordez. 
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!