BERPIZTU AMASA-VILLABONA DINAMIKAREN AZALPENA
SARRERA
COVID19 gaitza munduan hedatzen hasi zenean, ezin genuen aurreikusi gainera zetorren hondamendia.
Baina aurreikusi genezakeen zaintzak gure gizartean duen garrantzia, baita osasun sistema publikoan inbertitzeak denon ongizatean duen eragina ere, prekarietateak emakume aurpegia duela, denda txikiek gertuko eta kalitateko zerbitzua ematen digutela edo adinekoen zentroetako langileen aldarrikapenak guztionak izan behar dutela.
Erantzun eta konponbide partekatuak aurkitzeko garaia da, gizarte gisa zein balore zaindu, babestu eta garatu behar ditugun adosteko. Herri gisa lehentasunak zeintzuk diren berrikustea tokatzen da. Bidean gelditu diren guztiak gogoan izanda, komunitatea berreraikitzera goaz, inor bazterrean utzi gabe.
Covid-19aren krisiak eragindako behar eta arazo berriei erantzutea da Amasa-Villabonako udalak momentu honetan duen lehentasuna.
Aurrean dugun garai berri honetan herritar zaurgarrienak kontuan izan eta familia askori sortutako zailtasunak arintzea dagokigu: etxe guztietan oinarrizko beharrak aseko direla ziurtatuz,adinekoei zaintza duina bermatuz, guraso bakarreko familiak lagunduz (bereziki, seme-alabak ardurapean dituzten amak), haur eta gazteen garapena bultzatuz...
Horrekin batera, ahal dugun neurrian gure kultura eta kaleak bizirik mantendu nahi genituzke.
DINAMIKAREN HELBURU NAGUSIAK ETA NEURRIAK
1.-Muturreko pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egitea.
- Udaleko Gizarte Zerbitzuetako saileko aurrekontua egokituko da ondorengo neurriak gauzatzeko behar den diru kopuruarekin hornituz.
- Krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak pairatzen ari direnentzat arreta eta aholkua emateko baliabide berriak sortuko dira.
- Herrian bizi diren pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzeko konpromisoa hartzen dugu, inor ez dadin bazterrean geratu.Gizarte Larrialdirako Laguntzen (GLL) irizpideen baitan, laguntza ildo ezberdinak martxan jarriko ditugu: Etxebizitza gastuei (alokairuak,argindarra, gasa, ura) aurre egiteko, Funtsezko Osasun eta farmazia produktuak eskuratzeko, beste hainbat beharrizan asetzeko: hezkuntza, jantziak, higienerako produktua etab, Oinarrizko elikadura ziurtatzeko, elikagaien bilketa eta banaketarekin jarraituko dugu.
2.- Osasun zerbitzu publikoa indartu eta adinekoen arreta hobetzen saiatu:
- Villabonako Osasun Etxeko eta Santiago egoitzako langileen baliabideak eta lan baldintza duinak bermatu daitezen lan egingo dugu.
- Adineko pertsonen eta dependentzia duten pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko bitartekoak indartuko dira.
- Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren zabalpena.
- Boluntarioen bidezko zaintza eta laguntza komunitarioaren sarearen antolaketa.
3.- Tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreak lagundu eta bultzatu:
- Itxita egon direnei eta jarduera mugatua izan duten establezimenduei diru laguntzak
- Udal zergen (zabor bilketa, terrazak, IBIa) kitapenak.
- Bertako merkataritza sustatzeko kontsumo bonoen kanpaina.
4.- Hezkuntza eskubidea bermatu. Egoerak eskatzen dituen baliabide berriak ziurtatu.
- Klaseak on-line jarraitzeko ikasle guztiek etxean ordenagailua eta internet sarea izango dute.
- Ikastetxeekin elkarlana: Klaseetara segurtasun guztiarekin bueltatzeko koordinazioa eta laguntza, hezkuntza mahaiaren bidez.
5.- Aisialdi eskaintza ahalik eta zabalrena.
- Udan zehar haur eta helduei begirako dinamikak eta ekimenak antolatuko dira.
- Osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, kultur eskaintza zabala eskainiko da.
BERPIZTU HERRIA!
Amasa-Villabonako jendearen eta gure kaleen bizitasuna berreskuratu nahi ditugu.
Krisi garai berezi honek, osasun larrialdiak, kezkak, beldurrak, konfinamenduak... herriaren ohiko bizimodu sozial eta komunitarioa zapuztu digu, eta guztion artean horri buelta eman behar diogu.
Bizipoza, alaitasuna, herri-giroa... berreskuratzeko norbanako, koadrila, elkarte edo taldeen ekarpena ezinbestekoa izango zaigu. Denok batera eta elkarlan sanoan, lortuko dugu!
KLIK! egin, eta berpiztu gaitezen gu geu, eta herri osoa.
Udala herriko elkarte eta taldeekin harremanetan jarriko da, ekintzak antolatzeko egon daitezkeen aukeren inguruan hitz egiteko eta elkarlanerako bideak aztertzeko.
LEHEN BI EKIMENAK:
Askotan, gure egunerokoan, ez gara ohartzen gauza batzuek duten garrantziaz eta balioaz. Horien falta sentitzen dugunean hasten gara jabetzen zein oinarrizkoak eta beharrezkoak zaizkigun eta orduan hartzen dute bere lekua gure balio-eskalan.
Covid-19aren pandemiaren ondoriozko konfinamendu uneetan gauza asko bota ditugu faltan eta aldi berean sentimendu eta ekintza ederrak sortu eta hedatu dira jendartean: kaltetuekiko elkartasuna, gure egoera bera bizi duten auzokoekin enpatia, lanean bizitza arriskatu dutenekiko mirespena, balkoietako txaloak, norbere konpromisoa inguruko jendearekiko... Honek harro sentiarazten gaitu, herritarron gizatasuna agerian geratu baita.
Ildo horretan sakontzeko, Amasa-Villabonako udalak BERPIZTU dinamikaren filosofiaren barruan, bi ekimen zehatzetan parte hartzeko deia egiten du:
1.- Elikagaien eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa herrikoia: Ekainaren 5ean eta 6an
Egoera ekonomiko larria bizi duten familientzako elikagaiak eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa antolatu dugu.
2.- Osasun Etxeko eta Santio egoitzako langileei herri omenaldia: Ekainak 13 larunbata, egun osoan zehar
Santiago egoitzako eta osasun etxeko langileek gure adinekoen eta orokorrean herritar guztien arretan eta zaintzan egiten duten lana aitortu eta txalotu nahi dugu. Horrekin batera osasun-sistema publikoaren garrantzia azpimarratu eta langileak baldintza duinagoetan lan egin behar dutela aldarrikatuko dugu.
Bide batez, herritarron babes eta maitasun osoa helarazi nahi diegu Egoitzan ingresatuta eta konfinatuta dauden adineko guziei ere.
Nola parte hartu?
Bi eraikinen aurrealdean prestatuko diren eremuetan lorea edo sorta bat utziz edo bertan egongo diren soketan testu bat, argazki bat, marrazki bat... zintzilikatuz parte hartu daiteke.