Amasa-Villabonako udalak herriko merkataritza sustatuko du kontsumo-bonoen bidez

Gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Amasa-Villabonako udalak martxan jarriko duen kontsumo bonoen kanpainako informazioa: Deskargatu dokumentua

Amasa-Villabonako udalaren oharra:
 
Kontsumo eredu berriak indartu diren heinean (merkatal zentro handiak, produktuak on-line saltzeko multinazionalak …), herriko merkatarien esparrua estutu da, ia-ia ito arte. COViD-19ak eragindako egoerak, gainera, egoera zaildu egin du. Kontuan izan behar dugu, merkataritza lanpostu gehien sortzen duen jarduera ekonomikoa dela Amasa-Villabonan.
 
Euskal Herrian bultzatu nahi dugun kontsumo ereduaren inguruko gogoeta bat egitea ezinbestekoa zaigu, bai instituzioei eta baita herritarroi ere. Gogoeta horrek, ordea, elkartasun keinu bat izatetik haratago joan behar du, gure herriko etorkizunean, gu guztion etorkizunean eragina izango baitu. Hori horrela, bi kontsumo eredu kontrajarri dauzkagu aukeran:
 
1. Merkatal zentro handiak edo on-line saltzen duten multinazionalak; irabazi eta aberastasuna gutxi batzuen eskuetan uzten duena, eskainitako produktu ia guztiak kanpokoak dituena, langileen baldintza kaxkarretan oinarritzen dena, herriko dinamika eta giroa zapuzten duena…
 
2. Herriko merkataritza eta dendarietan oinarritzen dena. Aberastasuna herritarren artean banatzen duena, bertako produktuen salmentan eta garapenean laguntzen duena, gertuko zerbitzua ematen duena eta herriari bizitza eta alaitasuna ematen diona...
 
Amasa-Villabonako udaleak oso argi dauka zeinen alde egingo duen apustu. Guztion artean Amasa-Villabonako merkataritza-jarduera indarberritu behar dugu eta udalaren ustez helburu horretarako lagungarria izan daiteke kontsumo-bonoen kanpaina hau.
 
Udalak 32.000 euroko ekarpena egin du herrian bertan kontsumitzearen aldeko kanpaina hau antolatzeko. Horietatik 2.000 euro kanpainako hainbat gastu ordaintzeko erabiliko dira: Inprenta, diseinua, publizitatea... eta 30.000 euro bideratuko dira kontsumo-bonoetarako. Diru horrekin 3.000 bono inprimatuko dira herritarrei "doan" banatzeko, covid-19aren eraginez derrigor itxita egon diren dendetan erabiltzeko. Kanpaina honen bidez, guztira denda hauetan 110.000 euro inguruko kontsumoa egitea lortuko litzatekeela aurreikusten du udalak.
 
10€-ko bonoak eta hiru aukera
 
Bono guztiek 10€-ko balioa izango dute, eta hauek eskuratzeko garaian 16 urtetik gorako herritarrek aukera ezberdin hauek izango dituzte:
 
  • 20€-rekin: 3 bono (30€)
  • 50€-rekin:7 bono (50€)
  • 70€-rekin: 10 bono (100€) 
Kanpainaren ezaugarri nagusiak:
 
- Bonoak erosteko epea: maiatzaren 26tik ekainaren 30era.
- Banaketa gunea: udaletxeko erabilera anitzeko gelako sarrera, liburutegiaren ondoan.
- Ordutegia: astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 16:30-19:30
- Bonoak erabiltzeko epea: maiatzaren 26tik irailaren 30era, biak barne.
- Nork eskuratu ahal izango ditu bonoak? 16 urtetik gorakoak, Amasa-Villabonan edo Aiztondo bailaran (Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkiza) bizi direnak.
- Pertsonako 10 bono eros daitezke gehienez (100 €).
- Bono guztiak batera edo banaka erabil daitezke.
- Erosketak gutxienez 10 euroko balioa izan behar du. Kopuru horretara iristen ez bada, aldea ez da eskudirutan itzuliko.
- Bonoak ez dira eskudirura trukatuko, eta behin erosita, ezingo dira itzuli.

Parte hartu nahi duten dendariek aurrez izena eman beharko dute
 
Denda edo establezimenduek baldintza bakarra bete beharko dute kontsumo-bonoen ekimenean parte hartzeko: Covid-19aren osasun larrialdiaren ondorioz Espainiar Gobernuak onartutako dekretuaren eraginez, establezimendua derrigorrez itxita eduki izana.

Izena emateko prozedura:

- Egunak: Maiatzaren 19tik 21era (asteartetik ostegunera), biak barne.
- Aurkeztu beharrekoa: Udalak osatutako inprimakia beteta: Inprimakia deskargatu
- Nola aurkeztu: Udaleko arreta bulegoan aurretiazko hitzordua hartuta edo zuretzat@villabona.eus helbide elektronikora bidalita.
 

Elkarlanean lortuko dugu!
 
Hau guztia benetan eraginkorra izan dadin eta Amasa-Villabonako merkataritzak etorkizuna izan dezan, azken hitza erosleak dauka, hau da, gutako bakoitzaren esku dago. Horregatik dugun/duzun kontsumo eredua aztertzera gonbidatu nahi zaitugu, gure mentalitatean KLIK! egin eta beste etorkizun bat pizteko konpromisoa hartu dezagun.
 
Inoiz baino gehiago behar zaituztegu! Bai herritarrak bertako dendariak, eta baita bertako dendariak herritarrak ere. Elkarlanean lortuko dugu!!
 
 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!