Udal Gobernuak, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa murrizteko Aldundiak hartutako erabakia salatu du eta aldaketak eskatu ditu

Gipuzkoako Aldundiak ofiziala egin du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko duela. Datu hori Amasa-Villabonara ekarrita, praktikan udalak gutxienez 854.331,40€ gutxiago izango ditu bere jarduna garatzeko, honek Udal aurrekontu osoaren %12,45eko murrizketa suposatzen du.

Hilabete bat baino gehiago pasa da Markel Olano Ahaldun Nagusiak Udal Foru Fondoa (UFF) %20-25 tartean jaitsiko zela lehen aldiz adierazi zuenetik. Amasa-Villabonako udal gobernuak ordutik Gipuzkoako ogasunetik azalpen bat bera ere jaso ez izana salatu du eta udalen finantziazioan eragin izugarria izango duen erabakia aldebakartasunez eta udalekin ezertarako kontatu gabe hartu izana tamalgarria dela gaineratu du.
 
"Udalok demostratu dugu herritarrengandik gertuen gauden erakundeak garela eta Covid-19aren krisi garai gogor honetan zailtasun guztien gainetik lehen lerroan herritarren beharrei erantzunak ematen aritu garela" aipatu du Beatriz Unzue alkateak. "Aldundiak, ez dakigu zergatik, udalak penalizatu nahi izan ditu" gaineratu du.
 
Bestalde, Amasa-Villabonako alkatetzaren ustez, ondorio larriak sortuko dituen erabaki hori Finantzen Kontseilua bildu aurretik hartu izana errespetu falta izugarria da Gipuzkoako udalekiko eta organo ezberdinekiko.
 
Hau guztiagatik, Amasa-Villabonako udal gobernuak eta zehazki Beatriz Unzue alkateak Gipuzkoako Foru Aldundira  gutun bat bidaltzea erabaki zuen atzo: Gutuna deskargatu.
 
Honakoak dira Beatriz Unzuek Foru Aldundiari bideratu dizkion eskaera edo proposamenak:
 
1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.
2. 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.
4. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru laguntza bat bidera dezala udaletara Covid-19aren krisiak sorturiko gain-kostuak arintzeko.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!