Udal Gobernuak, Villabonan izandako atxiloketaren ondoren argitaratutako albistearekin "alarma soziala" sortu izana leporatu eta azalpenak ematea eskatu dio Segurtasun Sailari

Amasa-Villabonako udal Gobernuak honako oharra kaleratu du gaur:

 

Pasa den apirilaren 27an Villabonako Kale Berrian gizon bat atxilotua izan ondoren, maiatzaren lehenean honako titularra zuen albistea argitaratu zen Ertzaintzaren web orrialdean: "Ertzaintzak Villabonan atxikita zuten emakume bat askatu du eta bahitzailea atxilotu du".

Albiste edo prentsa ohar horretan, besteak beste honako adierazpenak irakur zitezkeen: "biktimak bahitzailearen zaintza saihestea eta familiarteko bati ahots-mezu bat bidaltzea lortu zuen", "hiltzeko mehatxupean" edota "hil egingo zuela esan zion". Normala denez, Euskal Herriko eta estatuko komunikabide ugarik albiste latz honen berri eman zuten.

Dudarik gabe aipatzen direnak delitu oso larriak dira eta indarkeria matxista kasu nabarmena dela ondorioztatzen da.

Hori horrela izanda, udalak lehen momentutik indarkeria matxista kasuetarako onartuta dagoen protokoloa aktibatu zuen eta neurriak hartu zituen berehala. Jakina denez, udaleko alderdi politiko guztiekin ez-ohiko bozeramaile batzordearen bilkura egin zen eta adostutako Erakunde Adierazpen bat kaleratu zen gertaera gaitzetsiz.

Publikoki egindako akusazio larri horien ondoren, susmagarria kalean libre geratu zen berehala, inolako neurri zigortzailerik gabe. Beraz, esan daiteke ustezko delitu larri horiek ez dutela proportzio bereko ondoriorik izan.

Honek harridura, kezka eta alarma soziala piztu du Amasa-Villabonan. Nola liteke Ertzaintzak berak eta komunikabideek bahiketa, hiltzeko mehatxuak etab. egon izana publikoki aireratu ondoren, pertsona hori kalean libre izatea? Zalantza guztiz logikoa da eta herritarrak kezkatuta eta haserre egotea ere ulergarria da.

Udalaren ustez, kasu honetan Segurtasun Sailak edota Ertzaintzak egindako kudeaketa ez da batere egokia izan. Horrelako gai serioetan ezin da arinkeriaz aritu, inolako beharrik gabe alarma soziala piztuz eta egiaztatu gabeko akusazioak publikoki zabalduz. Horrelako egoeren aurrean beste modu batera jokatu beharra dago, zorroztasun gehiagorekin.

Guzti hau adierazi ondoren, Amasa-Villabonako udalak azalpenak ematea eta kudeaketa arduragabe honen erantzukizunak argitzea eskatzen dio Ertzaintzari edota Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari. 


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!