Udalak zergak ezabatu dizkie itxita dauden denda eta tabernei eta diru laguntzak emateko 300.000 euroko diru poltsa sortuko du

Amasa-Villabonako udal gobernuak Covid-19aren eraginez martxotik itxita dauden merkataritza eta ostalaritzari laguntzeko lehen neurriak iragarri ditu. Zalantzarik gabe, krisi honen eragina izugarria izaten ari da gure herriko sektore ekonomiko garrantzitsuena den honetan eta derrigor ateak itxi behar izan dituzten denda eta tabernetako langile eta arduradunak diru-sarrerarik gabe daude, horrek dakarren guztiarekin.

Ondorioz, udalak lehentasun gisa ezarri du merkataritza eta ostalaritza laguntzea eta horretarako neurri sorta iragarri du:
 
  • UDAL TASA ETA ZERGEN KITAPENA:
- Zabor bilketaren zerga
 
Lehen hiruhileko kuotaren zati proportzionala (martxoko 20 egun) ez zaie kobratuko. Hau da, udalak egun horiei dagokien diru kopurua bueltan ingresatuko die.
 
Bigarren eta hirugarren hiruhilekoak (apirila-iraila) ez dira kobratuko.
 
- Terrazarengatik espazio publikoaren erabilerari dagokion udal tasa
 
Tasa hau ostalaritza establezimenduei kobratzen zaie.
 
Lehen hiruhileko kuotaren zati proportzionala (martxoko 20 egun) udalak ofizioz bueltatu egin die dagoeneko. Hau da, udalak egun horiei dagokien diru kopurua ingresatu die.
 
Bigarren eta hirugarren hiruhileko tasak (apirila-iraila) ez dira kobratuko.
 
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)
 
Jarduera duten lokal komertzialei (merkataritza edo ostalaritza) urteko OHZ zerga ez zaie kobratuko.
 
Hau honako baldintza betetzen dutenei soilik aplikatuko zaie:
Lokalaren jabea eta bertako merkataritza edo ostalaritza aktibitatearen arduraduna, pertsona berdina denean. Hau da, merkataritza edo ostalaritza aktibitatea garatzen duena lokalaren jabea denean.
 
  • DIRU LAGUNTZAK: 300.000 euroko poltsa sortuko da diru laguntzetara bideratzeko
Udalak hileroko diru laguntza bideratuko die Covid-19aren eraginez derrigor itxita dauden (edo egon diren) denda eta tabernei. Diru laguntza horiek banatzeko, 300.000 euroko diru-poltsa edo funs bat sortuko da. Datozen egunetan zehaztuko da hilero zenbateko diru kopurua jasoko duen denda edo taberna bakoitzak.
 
  • KONTSUMO BONOEN KANPAINA
Udalak, herriko ostalariekin eta merkatari elkartearekin elkarlanean, herritarrek herriko merkataritza "txikian" (supermerkatuak kanpoan geratuko lirateke) eta tabernetan kontsumitzeko bono bidezko sistema bat ezarriko du.
 
Kanpaina honen ezaugarri nagusiak eta nondik norakoak (epeak, bonoen kopurua...) ostalariekin eta Oria merkatarien elkartearekin finkatu eta adostuko dira.
 
Udalak gaur egun 10.000 euroko partida ekonomiko bat du helburu honetarako, nabarmena da kopuru hori ez dela nahikoa izango herriko merkataritza eta ostalaritzari behar duen bultzada emateko. Ondorioz, udalak partida ekonomiko hori modu esanguratsuan handitzeko konpromisoa hartzen du.
 
  • BILERA MERKATARIEN ELKARTEAREKIN ETA OSTALARIEI DEIAK
Udala Covid-19aren krisiaren ondorioz herriko merkataritza eta ostalaritzak bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzen ari da eta horretarako ezinbestekoa da merkatariekin eta ostalariekin harremanetan jarri, diotena entzun eta dituzten egoeren berri lehen eskutik jasotzea.
 
Ondorioz, laguntza neurrien inguruan hitz egin eta adostasunak bilatzeko asmoz eta kontsumo bonoen kanpainaren xehetasunak elkarrekin definitzeko, udal gobernuak bilera egingo du gaur Oria merkatarien elkarteko ordezkariarekin eta Tolosadeko merkataritza teknikariarekin. 
 
Bestalde, udal gobernua harremanetan jarriko da Amasa-Villabonako ostalariekin. Ostalariek elkarterik edo ordezkaritza definiturik ez dutenez, banan-banan deituko zaie, bizi duten egoeraren berri izateko, laguntza neurrien berri eman eta adostasunak bilatzeko eta tabernak irekitzen direnerako prest egon beharko lukeen kontsumo bonoen kanpainaren inguruan ostalarien iritziak jasotzeko.
 
  • KALEAK BIZIBERRITZEKO DINAMIKA (egoerak baimentzen duenean)
Azkenik, bizi dugun osasun-krisiaren egoerak horretarako aukera ematen duenean, herria oro har, eta tokiko ekonomia bereziki, suspertzeko dinamika bat martxan jarriko dela iragarri du udal gobernuak. Aukeratutako leloa "BERPIZTU Amasa-Villabona" da  eta ekimen honen inguruan gure herriko kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur, kirol eta aisialdi ekitaldiak antolatuko dira. Kanpaina honen bidez, Udalak udalerriak bizitasuna berreskuratzea nahi du, modu horretan ostalaritzari ere bultzada emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!