Adinekoen artean, menpekotasuna duten eta gizarte zerbitzu publikoen erabiltzaileen inguruan hartu dira lehen neurriak. Prebentzio neurri gisa, eguneko zentroa itxita daugo pasa den astetik, baina kasuz kasuzko azterketa egin eta etxean asistentzia eskaintzen ari da udala, prebentzio neurri guztiak hartuta.
Adinekoak diren eta patologia desberdinak dituzten herritarrek udaleko telefonoa (943 692100) eta gizarte@villabona.eus helbideak beren beharrei erantzuteko dituzte. Hala, eguneroko beharrei erantzuteko laguntza behar dutenei (erosketak egin, botikararen baten beharra…) boluntarioen bidez eskaintzen zaie laguntza 693 018 569 telefonoaren bidez. Horretaz gain, bakardadeak sortzen duen ezinegona duten pertsonek ere asistentzia eta laguntza profesionala jasotzeko aukera eskaintzen die udalak.
Lehenik 80 urtetik gorakoei eta ondoren 70-80 urte bitartekoei
Adinekoak hasi dira beren beharren berri ematen eta momentuz, udal baliabideen bidez hasi gara beharrei erantzuten. Hala ere, pauso bat gehiago eman eta 70 urtetik gorako herritarrei telefonoz deitzen ari da udala.
Lan hori udal langileen bitartez garatzen ari da eta lehenik 80 urtetik gorako herritarrei deitu zaie eta ondoren 70-80 urte bitartekoei. Dagoeneko 80 urtetik gora dituzten pertsona ia denekin kontaktuan jarri gara eta 70-80 urte bitartean dituztenei deitzen ari gara egunotan. Kontuan izan behar da Amasa-Villabonan 70 urtetik gorako 905 pertsona inguru bizi direla, eta beraz, lan mardula izaten ari dela.
Telefono dei horien bidez herritarrei beren egoeraren eta dituzten beharren inguruan geldetzen zaie. Herritarrak etxean ondo egotea da helburua, bakarrik badaude ere atendituta egotea. Ez dugu inor bakarrik sentitzerik nahi, eta horien guztiekin ahalik eta epe motzenean harremanetan jartzea nahi dugu.
Dei horiek guztiak egindakoan, herritarren egoera zein den hobeto ezagutuko du Udalak, eta behar berriak detektatzen badira horiek erantzuteko neurriak eta baliabideak jarriko ditu.
Azkenik, udalaren izenean Amasa-Villabonako herritarrak eskertu nahi ditugu, orokorrean, arduraz eta zentzuz jokatzen ari direlako. Boluntario sarea osatzeko prest diren herritarrak ere eskertu eta zoriondu nahi ditugu, erakutsitako prestutasunagatik.