Udalak ikasle guztiek interneterako konexioa izatea bermatuko du, herriko ikastetxeekin elkarlanean

Udalaren helburua Amasa-Villabonako haur eta gazte guzti guztien hezkuntza eskubidea bermatzea da

 
Koronabirusa dela eta dekretatu den alarma egoeraren ondorioz, ikastetxe guztiak itxita daude eta klaseak on-line ematen ari dira. 
 
Herriko haur eta gazte guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko asmoz, udalak hainbat bitarteko aktibatu ditu azken egunotan. Behar handiena duten ikasleak identifikatu dira herriko ikastetxe guztiekin elkarlanean.
 
Atzo iritsi ziren udalak erositako SIM txartelak, etxean internetik ez daukaten ikasleak sarera konektatu ahal izateko eta gaur ostirala, egingo da txartel hauen banaketa ikastetxetako arduradunekin elkarlanean. Horrela, ikasle hauek ere ahalik eta azkarren batu daitezen ikaskideen hezkuntza prozesu berera.
 
Orotara Amasa-Villabonako 17 ikasleek jasoko dute laguntza hau eta interneterako sarbidea ikastetxeetako ateak ireki bitarte luzatuko zaie guztiei.
 
Azkenik, esan SIM txartelak IZARKOM telekomunikazio kooperatibaren iniziatibari esker erosi ahal izan dituela Udalak. Kooperatiba honek, krisi egoera honen aurrean, ikasleen behar zehatzei erantzuteko SIM txartel bereziak jarri baititu eskuragarri.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!