Koronabirusa

Udalak Erakunde Adierazpena kaleratu du, asteazkenean 21:00ean balkoi eta leihoetan kandelak edo mugikorretako linternak pizteko deiarekin bat eginez

Gaur goizean, Amasa-Villabonako udalak Erakunde Adierazpena onartu eta argitaratu du, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE).

Adierazpen ofizial honen bidez, udalak Covid19aren ondorioak pairatzen ari direnei elkartasuna adierazi eta bereziki Fermin Aristondo eta Maria Jesus San Sebastian hildako herrikideen senide eta lagunei doluminik sentikorrena helarazten die. Honekin lotuta, pandemia honen biktimen alde, herritar talde batek sare sozialetan eta WatsApp-aren bidez zabaldutako deialdiarekin bat egin du udalak. Ondorioz, asteazkenean 21:00etan balikoi eta leihoetara atera eta kandelak edo mugikorretako linternak piztu eta denek batera "Xalbadorren heriotzean" kantu ezaguna abesteko deia egin die udalak Amasa-Villabonako herritar guztiei.  
 
Honakoa da udalak argitaratutako Erakunde Adierazpena:

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Koronabirusaren ondorioak pairatzen ari direnekin elkartasuna adierazteko

Ez dira egun errazak oraingoan bizitzea suertatu zaizkigunak, COVID-19ak edo Koronabirusak sortutako osasun larrialdiak, ondorio latzak sortu ditu mundu osoan eta baita gure herrian ere. Zoritxarrez asko dira gaitz honen ondorioz gaixotu direnak eta gehiegi izaten ari dira bidean geratu direnak. Egun hauetan ikusi eta entzuten ari garen heriotzen zifrak beldurgarriak dira. Zalantzarik gabe giza tragedia izugarria sortu du birus honek.

Amasa-Villabonara ere ondorio zitalak ekarri ditu pandemia honek eta bi pertsona hiltzea eragin du: Fermin Aristondo Artola eta Maria Jesus San Sebastian Oyarzabal

Heriotzak dakarren mina gutxi ez, eta gainera pandemia hau gehiago ez zabaltzeagatik, ezinezkoa izan da pertsona hauek merezi duten hileta edo azken agurra jaso ahal izatea, horrek dakarren sufrimendu erantsiarekin.

Amasa-Villabonako udalaren izenean gure doluminik sentikorrenak helarazi nahi dizkiegu bi herrikide hauen senide eta lagun guztiei. Zuekin gaude!

Egoera honetan Amasa-Villabonako udalak honakoa adierazten du:

Udalak bat egiten du herritar talde batek sare sozialen bidez zabaldu duen deialdiarekin:

  • Asteazken honetan 21:00etan etxeetako argiak itzali eta balkoi edo leihoetan kandelak, linternak edo telefono mugikorretako argiak piztu eta "Xalbadorren heriotzean" kantu ezaguna guztion artean abestea.

Udalak ekimen honetan parte hartzeko deia egiten die Amasa-Villabonako herritar guztiei.

Aipatutakoak, pandemia honen ondorio lazgarrienak dira, baina bistan da modu batera edo bestera gizarte osoa ari dela pairatzen osasun krisi honek sortutako ondorioak.

Udalaren izenean gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, etxetik atera ezinik dauden haur eta familiei, beren lana alde batera utzi beharrean aurkitu diren langile guztiei, izugarrizko lana egiten ari diren osasun zerbitzuetako langile guztiei, Santio egoitzako langile, erabiltzaileei eta beren senitartekoei, elikagaiak eta medizinak falta ez daitezen lanean diharduten guztiei etab.

Azkenik, Amasa-Villabonako udalak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie azken egun eta aste hauetan ezarritako arauak eta konfinamendua era masiboan betetzen ari diren herritar guztiei.

Guztion ahaleginarekin, birusa gainditzea eta bizitzak irabaztea lortuko dugu!

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!