M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Udalak bat egin du martxoaren 8aren testuinguruan mugimendu feministak egindako deialdiekin

Amasa-Villabonako udalbatzak emakumeen nazioarteko egunari buruzko bi adierazpen onartu zituen pasa den otsailaren 25ean egindako osoko bilkuran.

Lehen adierazpena EAJ-PNV taldeak aurkeztu zuen eta EUDEL erakundean udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztien arteko testu adostua izan zen. Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez onartu zuen testua. Besteak beste udala emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko Europako gutunari atxikitzea eta berdintasunerako tokiko ekintza plana garatzea jasotzen ditu adierazpen honek.
 
 
Udalbatza berean, Amasa-Villabonako EH Bildu taldearen mozioa onartu zen. Udal gobernu taldeak mozio honen bidez konpromiso zehatz eta sendoagoak hartu nahi izan ditu. Mozio honetan, beste hainbat neurriren artean, aurrerantzean udalak egingo dituen kontratazio publikoetan genero klausulak txertatzea, udalerriko zaintzaren inguruko azterketa bat egitea edota etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileen egoera duintzeko neurriak hartzea jasotzen da.
 
Honez gaiz, mozio honekin udalaren eta mugimendu feminista antolatuaren arteko harreman jarraitua izatea eta talde feministak udalaren berdintasun politikaren balorazioa eta jarraipena egitea ere jasotzen da. Bukatzeko mozioan jasotzen denez, Amasa-Villabonako udalak Aiztondoko mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8aren buelta antolatu dituen ekimenekin bat egitea eta herritarrei ekimen horietan parte hartzeko deia egingo diela jasotzen da. Honekin lotuta, udal gobernuak Bando bat kaleratuko du herritarrei deialdien berri emateko.
 
Mozioa onartua izan zen aldeko 7 bozkarekin (EH Bildu) eta 6 abstentziorekin (EAJ eta PSE). EAJko bozeramaileak "puntu askorekin ados" egon arren, mozio hau onartzearen beharra zalantzan jarri zuen eta EAJ eta EH Bilduk horrelako testuen edukien inguruan ezadostasunak dituztela nabarmendu zuen.
 
EH Bildu taldeak aurkeztutako eta udalbatzan onartutako Mozioa: Martxoak 8ko Mozioa. EH Bildu.
 
Honenbestez, udalak beste aurrera pausu bat eman du berdintasun erreala lortzera bideratuta egongo den politika feminista indartsu eta eraginkor bat garatzeko. Gogoan izan behar da 2020ko aurrekontuetan 30.000 euroko diru funtsa onartu zela "politika feminista" izenburupean, helburu honetarako inoiz ezarri den aurrekonturik handiena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!