6.857.383 euroko aurrekontua
Aurrekontu honen %36,6a (2.513.393 euro) udaleko zerbitzuen gastu arruntei dagokie, beste %35,3a (2.427.380 euro) pertsonal gastuetara bideratuko da eta inbertsioetarako 740.000 euro izango dira, aurrekontuaren %10,7a. Falta den aurrekontuaren %17.4a finantza gastuak izango dira, transferentzia arruntak, finantza pasiboak etab.
Aurrekontu honekin udalak Amasa-Villabonako biztanle bakoitzeko 1.156 euro izango ditu. Kopuru hau inguruko udalerriek dutenarekin alderatu ezkero, oso kopuru eskasa da eta gure udalak dituen baliabide ekonomikoak oso mugatuak direla adierazten du.
2020ko aurrekontuaren ezaugarri nagusiak
• Gizarte zerbitzuetan %28,3ko igoera
Udal gobernuak 546.675 euroko aurrekontua ezarri du Gizarte zerbitzuen sailerako, 2019ko aurrekontuekin alderatuta, igoera oso handia izan delarik. Igoera honen arrazoia nagusietako bat, Etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida ekonomikoaren igoera handia izan da, izan ere, adineko jendeari edo dependentzia egoera duten pertsonei bideratutako zerbitzu publiko honen finantziazioak %134,1eko igoera izan du.
• Alkatetza gastuetan %25,9ko murrizketa
Alkatetzak edo udal gobernuak zuzenean kudeatuko duen aurrekontua 210.000 eurokoa izango da eta jaitsiera nabarmena izan du 2019. urtean alkatetzak izan zuen aurrekontuarekin alderatuta. Hauek izan dira udal gobernuak alor honetan egindako murrizketa nagusiak: Komunikazioko konfiantzazko kontratua -%100, Aholkularitza orokorra -%70, alkatetzako dietak -%80, eta alderdi politikoentzako ekarpena -%20.
• Igoerak Euskara, Kirola, Hezkuntza eta Kulturan
Euskara saileko aurrekontuan %18,2ko igoera ezarri da, batez ere udalak UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) partaide izateko urratsa emateko asmoa duelako eta aipagarria da aurrekontu honetan euskara zerbitzuko gastu guztiak era desglosatuan argitaratu direla lehen aldiz. Kirol sailean aurrekontuak %5,3ko igoera izango du, igoera hau batez ere kirolean jarduten duten elkarteei bideratzen zaizkien hainbat diru laguntzen igoerak ekarri du. Hezkuntzari dagokionez, 2020ko aurrekontua %3,1 igoko da, batez ere herriko hezkuntza eragile guztiak biltzen dituen Hezkuntza Mahaiaren funtzionamendurako ezarritako diruak, eta Seaska Haur Eskolako matrikulazioetarako dirulaguntzaren ezarpenak ekarri dute igoera hori. Kultura sailean ere igoera izango da, aurrekontua %2,85 igo delarik 2019koarekin alderatuta.
• Hirigintzako gastuaren beherakada
Hirigintza saileko gastu arrunta %9,86 jaitsi da, batez ere urte luzeen ondoren Amasa-Villabonako hirigintza plan orokorra (HAPOa) onartzea eta indarrean sartzea lortuko baita epe motzean eta azken urteetan helburu honetara bideratutako diru kopuru esanguratsua aurreztuko da 2020an.
• 2020ko inbertsio nagusiak:
Inbertsio nagusi ugari ezinbestean egin beharreko konponketa eta obretara bideratuko dira 2020an: Espaloiak eta asfaltatze lanak 90.000€, Kiroldegiko teilatua eta kantxa konpontzea 77.000€, Santio Egoitza aurrealdeko espaloiaren konponketa 55.000€, Kale Nagusia 38ko eraikinean egin beharreko erreformak 50.000€, Agaraitz industriguneko urak araztegira bideratzea 47.000€, Irisgarritasuna hobetzeko ekintzak 35.000€, ur zikinak eta euri urak bereizteko lanak 20.000€ etab.
Beharrezkoak izango diren inbertsioez gain, udal gobernuak hainbat inbertsio esanguratsu jarriko ditu martxan 2020an: Herriko argiteria publikoa eta koadro elektrikoak berriztatzeko Larrea, Etxeondo, Txermin eta Antzin auzoetan 50.000€. Energia arloko trantsizioari aurre egin eta energia berriztagarrien aldeko urratsak emateko Udal Energia Plana osatu eta garatuko da 2020aa eta horretarako guztira 28.000€ bideratuko dira. Villabona eta Amasako herri guneak lotuko dituen oinezkoen bidea egiteko lehen urratsak garatzeko 15.000€. Udal Liburutegia eraberritzeko azterlana eta proiektua egiteko 15.000€.
Honez gain, aipatzekoa da Fleming Herri Eskolan hobekuntzak eta inbertsioak egiteko 70.000 euroko diru poltsa ezarri dela.
Aurrekontuetan jasota ez badago ere, udal gobernuak Larreako parkea estaltzeko 2014an herritarrek aukeratu zuten proiektua egiteko asmoa azaldu zuen. 201.000 euroko aurrekontua duen proiektu hau urte hasieran esleitu eta obra iraila baino lehen hasteko asmoa agertu du udal gobernuak.
Diru partida esanguratsuak:
- Etxebizitza politika: 30.000 euro. Udal gobernuak etxebizitzaren arazoei aurre egiteko udal politika aktibo eta eraginkorra garatu nahi du 2020an. Etxebizitza hutsak merkaturatzea, etxebizitza eskaintza hobea izatea, espekulazioa geldiaraztea, gazteentzako alokairua bultzatzea... izango dira udal politika honen helburuetako batzuk.
- Berdintasuna edo politika feminista: 36.000 euro. Udalak genero berdintasuna sustatzeko plangintza oso bat osatu eta martxan jarri nahi du 2020an. Udalak herriko Mugimendu Feministak erabiltzeko izango den lokal bat alokatuko du eta feminismoa bultzatzeko, LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatzeko, homofobiari eta indarkeria matxistari aurre egiteko... ekintza plan bat garatuko du.
- Herriko merkataritza sustatzeko 10.000 euro. Herriko merkataritza arrisku bizian dago eta nahiz eta udalak konpetentzia gutxi izan arlo honetan, herriko merkataritza laguntzeko diru partida bat zabaltzea erabaki da.
- Amasamendiko kudeaketa plana garatzeko ekintzak: 15.000 euro. Amasamendiko landa eta basoak modu integralean kudeatzeko planean jasota dauden hainbat ekintza burutu nahi ditu udalak. Herriko hainbat elkartek eta norbanakok parte hartzen duten Amasamendin Ados! izeneko lan mahai ireki eta zabalean erabakiko da zein ekintza edo proiektu gauzatuko diren 2020an.
- Memoria eta bizikidetza batzorderako 23.700 euro. Alderdi politiko ezberdinetako kideek osatutako batzorde honetan lortutako adostasunarekin, gure herrian azken hamarkadetan arrazoi politikoengatik izandako eskubide urraketak bilduko dituen lan bat egingo da Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Bestalde, biktimen aitortzan ere aurrera urratsak eman nahi ditu udalak.
- Elkartasun internazionala: 31.500 euro. Euskal Fondoarekin elkarlanean hainbat ekintza garatuko dira El Salvador-eko Segundo Montes komunitatean, udan Saharako haurrak ekartzeko Oporretan Bakean programa ere lagunduko da, beste hainbat lankidetza eta laguntza programarekin batera.
PARTE HARTZE PROZESU BERRIA
Udal gobernuak datozen hilabeteetan aurrera eraman nahi duen herri prozesu parte hartzailearen berri eman zuen. Prozesu garden eta demokratiko baten bidez, herritarrek zuzenean erabakiko dute 2020. urtean udalak ezarritako 400.000 euro zertara bideratuko diren. Diru hori udalak bankuan duen diru gerakinetik irtengo da, izan ere udalak 1.300.000 euro inguruko diru funtsa du gerakin gisa.
Prozesu parte hartzaile honen xehetasunak (metodologia, egutegia, fase ezberdinak, tresnak...) udalean eratuta dagoen Herritarren Parte Hartze Batzordean adostu nahi ditu udal gobernuak oposizioko alderdiekin.