Amasa-Villabonako udalak euskara sustazteko hainbat konpromiso hartu ditu Euskararen egunean

Pasa den azaroaren 26an izandako udalbatzan, udal gobernu taldeak euskararen egunaren harira konpromiso zehatz ugari jasotzen zituen Erakunde Adierazpena aurkeztu zuen. Adierazpen honen bidez, pisuzko hainbat konpromisoak hartu ditu Amasa-Villabonako udal gobernuak, besteak beste, udalaren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea, euskara ikasteko laguntzen bidez euskara ikastearen doakotasuna mantentzea eta Amasa-Villabonako udala UEMAren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen) partaide izateko ibilbide bat abiatzea. Ez dira nolanahiko konpromisoak, eta hauen bidez hizkuntza politika ausart eta eraginkorra garatu nahi du udal gobernuak.

Aipatu behar da oposizioko talde politikoek ez zutela testua babestu, EAJ-PNV eta PSEko ordezkariek abstentziora joatzea erabaki zutelarik. EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan, zalantzak dituzte adierazpenean jasotzen diren diren hainbat punturekin; Kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzearekin, UEMAren partaide izatearekin, Euskaran Ados! lan mahaiaren izaerarekin, euskarazko tokiko komunikabideen lerro editorialarekin etab.
 
Honakoa da aldeko 7 botorekin eta 6 abstentziorekin onartu zen Erakunde Adierazpena:
 
ERAKUNDE ADIERAZPENA EUSKARAREN EGUNA DELA ETA
 
Zioa
 
Aurten, 60 urte betetzen dira Eusko Ikaskuntzak, 1949. urtean, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzea erabaki zuenetik. Hirurogei urte igaro arren, oraindik orain, Euskal Herriko hizkuntza berreskuratzeko premia larriak bere horretan dirau.
 
Egia da euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan, eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto, baina ez aski.
 
Egia da, azken urteotan, lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea ere. Egun, inoiz ez bezala, euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik; eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik. Eta, gaur gaurkoz, asko egin dezakegu hainbat eremutatik hasita.
 
Badakigu, nola ez, edozein hizkuntza gutxituren arazo behinena, transmisiotik harago, erabilera dela, hizkuntza biziberritzea berau erabiltzea dela, alegia. Baina euskararen erabilera, xedea bada ere, ez da areagotuko, oinarrian ez badu hiztun talde zabala, sendoa, trinkoa eta engaiatua.
 
Hizkuntza gutxitu baten normalizazio prozesuaz ari garenean bi elementu izaten ditugu beti buruan. Batetik, hizkuntza hori normalizatzeko pertsonek hizkuntza gutxitua ezagutu behar dute, eta, bestetik, pertsona horiek hizkuntza erabili ahal izateko espazioak behar dituzte. Biak ala biak dira beharrezkoak, baldin eta hizkuntza hori normalizatuko bada.
 
Horregatik diogu lurgune euskaldunek edo arnasgune geografikoek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio prozesuan. Euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak dira euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak, eta normalizatutako edozein hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioak betetzen ditu euskarak, herri horien egunerokoan. Amasa-Villabona ere, askok uste ez badute ere, euskararen arnasgunea da; herritarren %74a euskara ulertu eta hitz egiteko gai da, lau biztanletik hiru. Honek ardura berezia ezartzen digu, zoritxarrez Euskal Herriko lurralde zabaletan ez baitute guk dun oinarri sendoa euskaraz biziko den udalerria izatera iristeko.
 
Urrats berriak egin behar dira, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuz. Izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean datza normalizazio prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean.
 
Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte bizitzaren erdigunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motor nagusia baita.
 
Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarpenaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalizaziorik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik. Sendoak dira, alor horretan ere, eragile nagusiak egiten ari diren urratsak. Eta horietan lehena, zalantzarik gabe, euskararen erabilera askotariko erakundeen izaeraren ezaugarrien artean txertatzea dago.
 
Erakunde Adierazpena
 
Hori horrela, Amasa-Villabonako udalak, honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunean:
 
1. Erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
 
2. Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea.
 
3. Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak (Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste) bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
 
4. Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea. Hala nola, softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
 
5. UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) babestu, indartu eta zabaltzea.
 
6. Amasa-Villabonako udala UEMAren partaide izateko ibilbide bat abiatzea, arnasguneen inguruko gizarte sentsibilizazioa garatuz. UEMAren partaide izatearen ondorioz, udalerri euskaldunetara egokitutako tresna, zerbitzu eta baliabideak eskuragarri izatea bermatuko da gure udalerrian.
 
7. Hitzarmenak sustatzea euskarazko tokiko komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
 
8. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
 
9. Kirol arloa euskalduntzeko bidean lan egitea, federazioekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
 
10. Gazteentzako euskarazko aisialdi zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
 
11. Familia eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
 
12. Euskara ikasteko laguntzen bidez, euskara ikastearen doakotasuna mantentzea.
 
13. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak bultzatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
 
14. Eremu guztietako eragileekin (hau da, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, gremioekin, merkataritza elkartearekin eta beste hainbat erakunderekin) akordioak lortzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
 
15. Euskaran Ados! deitutako mahai ireki eta parte hartzailearen bidez herriko norbanako, gizarte eragile, elkarte eta euskalgintzarekin batera bideratu den elkarlanari eustea. Datozen urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana denen artean adostea izango da mahai honen zeregin edo misio garrantzitsuenetako bat.
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!