Azaroak 25: Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna. Amasa-Villabonako egitaraua.

Amasa-Villabonako udalak egitarau zabala antolatu du hainbat eragileekin elkarlanean, emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinak agerian uzteko eta herritarrak gai honek duen larritasunaz jabetu daitezen. 

EGITARAUA:

- Azaroak 19 asteartea, 19:00etan Subijana etxean: 
Solasaldia Amelia Tiganus-en eskutik.

Amelia Tiganus ekintzaile feminista ezagunak hitzaldia eskainiko du Haur eta emakumeak prostituziorako merkantzia. Nola fabrikatzen da urdanga bat? izenburupean. Prostituzioa fenomeno sozial gisa eta milaka emakumek pairatzen duten eta pairatzen ari diren esklabotza sexualerako erabilera eta salerosketa izango ditu hizpide. Ondoren bertaratutakoen arteko solasaldi bat egingo da. Emakumeen kontrako indarkeria mota hau askotan tabu gisa ezkutuan geratu izan da eta bada garaia bisibilizatzeko eta behar bezala kontatzeko.

- Azaroak 22 ostirala, 19:00etan Gurea zinean: "El proxeneta" filmea

Mabel Lozano-k zuzendutako pelikula honek ere prostituzioaren gaia agertzen digu bere gordintasun guztiarekin. Kontzientziak astintzen dituen film horietakoa. 

- Azaroak 25: Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna:

11:30: Kalejira herriko ikastetxeekin: Fleming herri eskolako, Zubimusu Ikastolako eta Erniobea institutuko ikasle, irakasle eta gurasoek azken asteetan egin dituzten indarkeria matxistaren kontrako matazak kalera atera eta kalejira aldarrikatzailea egingo dute Malkar plazatik Errebote plazaraino.

12:00 Ekitaldia Errebote plazan: Udalak eta herriko ikastetxeek ekitaldi bateratua egingo dute Amasa-Villabonan ere, indarkeria matxistari ez! ozen aldarrikatzeko. 

Arratsaldean: Udalak Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak eta Aiztondo bailarako beste talde feministek antolatutako mobilizazio eta ekintzak babesten ditu eta ekimen hauetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen die herritarrei. 

Indarkeria matxista STOP! Gora borroka feminista!


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!