Urriaren 29an izandako Osoko Bilkuran, EH Bilduko udal-taldeak aurkeztutako mozioa onartu zen gehiengo osoz. EAJ-PNV eta PSE-ko ordezkariek mozioaren bozketan ez parte hartzea erabaki zuten, mozioaren testua berandu jaso zutela argudiatuz. Gobernu taldeak mozioa aztertzeko eta iritzi bat formatzeko beharrezkoa zuten denbora hartzea eskaini bazuen ere, oposizioko alderdiek ez zuten mozioa osoko bilkura horretan bozkatu nahi izan. Ondorioz, mozioa EH Bildu taldeko aldeko zazpi botorekin onartu zen.
Udal gobernuaren iritziz, garrantzitsua da gatazka sozial dimentsioa hartu duen lan gatazka honen aurrean Amasa-Villabonako udalak posizio garbi bat hartzea eta lan baldintza eta zaintza duinen alde borrokan ari diren langileei babesa adieraztea. Aldi berean Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio negoziazio fase batean sar dadila eta ez dezala beste alde batera begiratu.
Honakoa da udalbatzan onartua izan zen mozioaren eduki osoa:
MOZIOA: GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK BORROKAN
ARRAZOIAK
Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako 5.000 langileek lau urtetik gora daramate lan hitzarmenik gabe eta lan baldintzetan hobekuntzarik izan gabe. Ondorioz, greba eta mobilizazioetan murgilduta daude lan-baldintza eta zaintza duinaren alde. Guztira 118 greba eta mobilizazio egun izan dira. 118 greba egun!
Pasa den urriaren 7tik 18ra Gipuzkoako lurralde osoko herri ezberdinetan (tartean Villabonan ere bai) protesta martxak egin zituzten ehunka langilek "Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu" lelopean.
Behar beharrezkoa da egoitzetan eta egoitza hauek kudeatzeko ereduan, pertsonak lehenestea eta zaintzaren kalitate duina bermatzea. Pertsonak lehenesten direnean erabiltzaile eta langileak ere zaintzen dira, ezin daiteke gauza bat ulertu bestea gabe.
Horregatik premiazkoa da langileen ordezkariak diren sindikatuak eta sektoreko patronala negoziazioetan murgiltzea, akordiorako borondatearekin garatuko den negoziazio fase berri bat zabalduz. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazioa sustatu eta balizko akordioaren ondorioak ahalbidetu behar lituzke. Izan ere, zerbitzuaren %90a Foru Aldundiak finantzatzen du eta ondorioz aktore oso garrantzitsua izan behar luke gatazka honetan.
ELA sindikatuak Foru Aldundia aldeen arteko akordioa blokeatzen aritu izana salatu du publikoki eta hori larria da. Onartezina da zaintzaren eta langileen lan baldintzen duintasuna ahalbidetuko lituzkeen akordioak egikaritzeari uko egitea, dirua aurrezteko aitzakiarekin. Pertsona helduen zaintza ezin da negozio bat bezala ulertu.
Zaintza lanena sektore feminizatua da, kasu honetan langileen %98a emakumeak dira eta soldata-arrakala ere pairatzen dute. Langileak gehienbat gizonezkoak izaten diren beste sektore azpikontratatuen aldean, 6.000 euro gordineko soldata arrakala dutela kalkulatzen da. Benetan eskandalagarria.
Zalantzarik gabe, guzti honek ondorio kaltegarriak ditu egoiliarrek jasotzen duten arretan. Gipuzkoako egoitza hauetan, tartean Amasa-Villabonako Santio egoitzan, pertsona nagusi bakoitzak egunean soilik ordu eta erdiko arreta jasotzen du, pertsonal falta larria dagoelako. Hau ez da kalitatezko arreta bat eta Foru Aldundiak ezin du arazoa berea ez balitz bezala jokatu.
MOZIOA
1. Amasa-Villabonako udalak elkartasuna agertzen die lan baldintza eta zaintza duinen alde borrokan ari diren Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langile guztiei, eta modu berezian Villabonako Santio egoitzan lan egiten dutenei.
2. Amasa-Villabonako udalak Gipuzkoako Foru Aldundia premiatzen du gizarte arazo bat suposatzen duen lan gatazka hau epe laburrean konpontzeko ardura hartzera eta helburu hori lortzeko beharrezko urratsak ematera.
3. Amasa-Villabonako udalak greba egiten ari diren egoitzetan eman gabe geratu diren zerbitzuen zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
4. Amasa-Villabonako udalak, udalbatzan gehiengo osoz onartuko balitz, mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko dio.