Udal Batzordeak publikoak eta herritarrentzat irekiak izango dira

Orain artean ez bezala, hemendik aurrera udal sailetako Batzorde ofizialetan herritarrek ere parte hartu ahal izango dute. Udal gobernuak egindako proposamena aho batez onartu zen pasa den urriaren 29an izandako osoko bilkuran.

Honakoa da udal gobernuaren proposatu ondoren, udalbatzaren osoko bilkuran aho batez onartutako ebazpena:
 
1.- Villabonako udaleko Batzorde Informatzaileetan, kide titularrez gain, parte hartu ahal izango du horretan interesa duen edozein herritarrek, azken kasu honetan hitzarekin baina botorik gabe. Horretarako Alkateak aurretiaz baimendu beharko du, interesatuak aurkeztu beharko duen eskaerari erantzunez.
 
2.- Parte hartzen duten herritarrek erreserba gorde behar dute bere batzordean jasotzen duten informazioaren inguruan, batik bat, hartzeke dauden erabakien ingurukoei dagokionean. Halaber, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legeria bete beharko dute herritarrek.
 
3.- Villabonako Udalak 2014ko uztailaren 2ko udalbatzan onartutako Herritarren Parte-hartzeari buruzko Araudiaren 3.2. artikulua aintzat hartuta, ohore, intimitate pertsonal edo familiar eta norberaren irudi eskubideak bermatzeko, haurrak eta gazteak babesteko eta herri segurtasunari buruzko arrazoiak direla eta, batzordearen gehiengo absolutuak erabakitzen duenean, sekretuak izan daitezke eztabaida eta botaketa.
 
4.- Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara emango da, eta baita udaleko web orrian ere, 30 lan egunez jendaurrean jarriz. Erreklamazio edo alegaziorik ez balego, behin betikoz onartutzat emango da.
 
Udal gobernuaren iritziz erabaki hau aurrera urrats garrantzitsua da gobernutik bultzatu eta zabaldu nahi den gardentasunaren alorrean. Herritarrek zuzenean udal politikako erabaki nagusiak aurkeztu eta eztabaidatzen diren foroetan parte hartzeko aukera izatea oso positiboa da. Aukera hori ahalbidetzeko, hurrengo udal batzordeetako deialdiak (eguna eta ordua) eta gai-zerrendak udaleko web orrialdean egongo dira ikusgai.
 
Honako erabakia, udalak legealdi honetan garatu nagi duen gardentasun politika integralaren baitan kokatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!