Komunitatera igoa

Udalak diru laguntza bideratu du uztailean Nafarroa erdialdean izandako uholdeen ondorioei aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2019ko urriaren 15a

Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzarrak aho batez erabaki du gaur Tafallako "Uholdeak 2019 laguntza taldea" elkartearekin hitzarmen bat sinatzea, erabaki honen ondorioz, pasa den uztailean izandako uholde suntsitzaileei aurre egiten laguntzeko 600 euro bideratuko dira.

Amasa-Villabonako udal gobernuaren iritziz, garrantzitsua eta Euskal lurraldeen arteko elkartasuna antolatzea eta horrelako ezbeharrak jasan behar izan dituzten herriei ahal den neurrian laguntzea. Bestalde, herri hauetan uholdeen ondoren garatutako auzolana eredugarria izan zela azpimarratu da.
 
Honakoa da gaur onartu den hitzarmenaren edukia:
 
Nafarroako Erdialdeko uholdeen aurrean hitzarmena
 
Lehengo uztailaren 8an jazotako eurite ugariek eta Zidakos ibaiaren uholdeek Nafarroako Erdialdeko herri anitz (Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Orbaibar, Bizkaia ibarra…) gogor kolpatu dituzte, Nafarroako Gobernuak zonaldea hondamen-eremutzat hartuz. Etxebizitza, garaje eta saltokietan kalte handiak sortzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak, kaleak, komunikabideak eta nekazal bideak kaltetuak izan dira. Konpondu ezinezko kaltea izan da Gardalain (Nafarroako Bizkaian) herriko Zeru Cañada gaztearen heriotza.
 
Hondamen honi elkartasunezko Auzolan batekin erantzun zaio, kalteturiko herriei kemena itzuli diena. Hala ere, ohiz kanpoko egoera hauetan Euskal Herria osoak aho batez erantzun beharko luke, senideak diren herri hauei nork bere aukeren arabera lagunduz. Horregatik, Auzalan ekonomiko bat proposatu nahi dugu, herri bakoitzaren aukeren araberakoa, kalteturiko zonaldea berreraikitzen lagunduko duena.
 
Ondorioz, Udalak ondorengo HITZARMENA onartzen du:
 
Lehenik.- Amasa-Villabonako Udalak Nafarroako Erdialdean kalteturiko pertsona eta herri guztiekin, eta bereziki Zeru Cañada gaztearen familiarekin, elkartasun osoa adierazten du.
 
Bigarrenik.- Herri hauetako azpiegitura eta zerbitzuen berreraikuntzan laguntzeko xedearekin, 600 euroko diru laguntza onartzen da.
 
Hirugarrenik.- Amasa-Villabonako Udalak bere herritarrei auzolan ekonomiko honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen die, kalteturiko udalek horretarako ireki dituzten kontu korrontetako batean nahi duten diru laguntza egiteko.
 
Laugarrenik.- Amasa-Villabonako Udalak bere herritarrei hitzarmen honen berri emanen die bere irispidean dauden medioen bitartez.
 
 
Amasa-Villabonan, 2019ko urriaren 15ean



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!