Udalak IBILIAN programa berreskuratu du hainbat eragilerekin elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2019ko urriaren 11

IBILIAN programaren bidez, herrian zehar oinezko ibilaldiak egingo dira eta pertsona helduen osasuna hobetzea da lortu nahi den helburu nagusia.

Ibilaldiak ostegunetan egingo dira, goizeko 11:00etan Errebote plazatik abiatuta. Guztira luzera ezberdinetako lau ibilbide diseinatu dira, parte hartzaileen beharretara egokituta eta nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Egitasmo honen bidez pertsona helduen osasuna hobetzeaz gain, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremana sustatu eta lagunartean egoteko aukera eskainiko da. 
 
"Zure oinetan dago!" lemapean, zenbait irizpide partekatu nahi izan dira programa honetan parte hartuko dutenekin. Ahal izanez gero, arin samar ibiltzea, oinetako egokiak erabiltzea, ibilaldian zehar ura edatea eta inguruneaz gozatzea dira irizpide orokor horiek.
 
Elkarlanean garatuko den proiektua
 
Amasa-Villabonako udalak abiatutako ekimena izan arren, herriko eta inguruko hainbat eragileren lankidetza ezinbestekoa izan da IBILIAN programa errealitatea izan dadin. Horrela, Amasa-Villabonako Santio egoitza, Salbadora jubilatuen etxea, Zubimusu Ikastola, Erniobea BHI institutuak eta Olaederra Kiroldegiak parte hartuko dute eta baita Goxara Laguntza-zerbitzuak, Matia fundazioak, Osakidetzak, Uliazpi-k (Adimen urritasuna duten pertsonak) eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ere. Udalaren izenean eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu elkarte guztietako ordezkariei programa hau berriro ere martxan jartzeko erakutsitako prestutasunagatik.
 
DBHko ikasleen parte hartzearekin
 
Zubimusu Ikastolako eta Erniobea BHIko DBHko ikasleak Santio egoitzara joango dira ibilaldiak egitera animatzen diren helduak jasotzera eta beren alboan egingo dituzte ibilaldiak. Udalak ikastetxeek ekimen honetan parte hartzeko eduki duten konpromisoa txalotu nahi du.
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!