Amasa-Villabonako udal gobernuaren oharra, EAJ-PNV alderdiak publikoki egindako salaketari erantzunez

Pasa den asteartean, uztailaren 9an, eskualdeko komunikabideetan argitaratu zen EAJ-PNV alderdiaren oharra dela medio, Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin, EAJ-PNV alderdiak argitaratutako oharrean datu faltsuak daudela salatu beharrean aurkitzen gara. Zehazki hau dio EAJ-PNV alderdiaren oharrak: "Talde jeltzalearen eskaera Alkatetzatik zabaldu den bandoari dagokio, non Beatriz Unzuek euskarazko testua tamaina handiagoan eta nabarmenduta joan behar dela azaltzen duen araua ez baitu bete." Baieztapen hau ez da egia, udal gobernuak uztailaren 5ean argitaratutako bandoan euskarazko testuaren letra tamaina erdarazkoa baino handiagoa zelako, eta nabarmendua (negritan eta zutabe zabalagoan) zegoelako. 
 
Euskararen erabilerari dagokion udal araudia ez errespetatzearen akusazioa frogatzeko, udal gobernuak txosten bat egitea enkargatu dio udaleko euskara teknikariari. Txosten horretan, Maite Izagirre alkate ohiak sinatuta argitaratu zen azken bandoa eta Beatriz Unzue egungo alkateak sinatutako lehena (EAJ-PNVk araudia urratzen duela salatu duena) aztertzea eskatu zaio euskara teknikariari. 
 
Euskara Teknikariak egindako txostenak honakoa dio hitzez hitz:
 
EUSKARA TEKNIKARIAREN TXOSTENA
 
Alkatetzak 2019ko uztailaren 9an eskatuta egindako txostena.
GAIA: Maite Izagirre Irazustabarrena aurreko alkatearen agindupean jarritako azken bandoak, eta Beatriz Unzue Esnaola alkatearen agindupean jarritako lehen bandoak, Euskara Planean jasotako irizpideak betetzen ote dituzten aztertzea.
 
TXOSTENERAKO OINARRIA: 2018ko azaroaren 26ko Osoko Bilkuran, ahobatez, onartutako VI. Plangintzaldiari dagokion Euskara Plana (2018-2022).
 
Plan horretako 2. 1. Puntuan, zerbitzua emateko orduan herritarrekiko harreman idatzia nola izango den zehazten du. Puntu horretan, zehazki, bandoei dagokienez, honako hau dio hitzez hitz:
 
“Bandoak ele bietan egingo dira, baina, beti, euskarari lehentasuna emanez (bi puntuko aldea letra tamainan eta negritan. Izenburua jartzerakoan, ez da bi hizkuntzetan jarriko, euskara hutsez jarriko da erdian: BANDOA.”
Puntu honek dioena oinarritzat hartuz, aurrez aipatutako bi bando horiek Euskara Planean jasotako irizpideak betetzen ote dituzten aztertu dut.
 
AZTERKETAREN EMAITZA:
 
A. Maite Izagirre Irazustabarrenak bere agintaldian sinatutako azken bandoa, 2019ko ekainaren 10ean, Legarretako zubiaren itxierari buruzkoa.

1. Bandoa ele bietan dago. Betetzen du Planak dioen irizpidea.

2. Bandoaren izenburuan ez zaio euskarari lehentasuna ematen, bi testuak Century Gothic 17, negritan daude. Beraz, trataera bera dutenez, ez du betetzen Planak dioena.

3. Bandoaren testuari dagokionez, euskarari lehentasuna ematen dio (letra tamaina handiagoa da eta negritan dago). Hala ere, testua word formatoan aztertuta, euskarazko testua puntu bat handiagoa dela ikusten da (euskarazkoak arial 11 eta erdarazkoak arial 10), eta ez bi puntukoa Euskara planak dioen bezala. Beraz, lehentasuna ematen zaion arren, ez du Planak jasotzen duen irizpidea bere osotasunean betetzen.

4. BANDOA izenburua jartzerakoan, bi hizkuntzetan jarrita dago eta Euskara Planak dio euskara hutsez jarriko dela erdian: BANDOA. Beraz, puntu honetan ez da betetzen Euskara Planak jasotzen duen irizpidea.
 
B. Beatriz Unzue Esnaolak bere agintaldian sinatutako lehen bandoa, 2019ko uztailaren 5ean, N-1tik Villabonarako sarreren itxierari buruzkoa.
 
1. Bandoa ele bietan dago. Betetzen du Euskara Planak dioen irizpidea.

2. Bandoaren izenburuan euskarari lehentasuna ematen zaio, euskarazkoa Century Gothic 17 negritan dago eta gaztelerazkoa Century Gothic 14 negritan. Beraz, euskarazkoa handiagoa da gaztelerazkoa baino hiru puntutan.

3. Bandoaren testuari dagokionez, euskarari lehentasuna ematen dio (letra tamaina handiagoa da eta negritan dago). Hala ere, testua word formatoan aztertuta, euskarazko testua puntu erdi bat handiagoa dela ikusten da (euskarazkoak arial 10,5 eta erdarazkoak arial 10), eta ez bi puntukoa Euskara Planak dioen bezala. Beraz, lehentasuna ematen zaion arren, ez du Planak jasotzen duen irizpidea bere osotasunean betetzen.

Bestalde, euskararen zatia jasotzen duen zutabea zabalagoa da (10 cm) gaztelerazkoa jasotzen duenarena baino (9,5cm). Berez, honakoa euskarari lehentasuna emateko modua izanik ere, lehentasuna emateko modu hau ez dago jasota Euskara Planean.

4. BANDOA izenburua jartzerakoan, euskara hutsez jarrita dago: BANDOA. Beraz, betetzen du Euskara Planak puntu honetan jasotzen duen irizpidea.
 
 
Villabonan, 2019ko uztailaren 10ean
EUSKARA TEKNIKARIAK,
Izpta. Maite Arregi Tejeria
 
 
Txosten honek agerian uzten du EAJ-PNV alderdiaren akusazioak ez duela funtsik, izan ere, alderdi horrek alkatetza izan duen lau urtetan ez du euskararen erabilera araudia inondik inora errespetatu eta orain, eurek egin ez dutena hurrengo gobernu taldeari eskatzen aritzeak, alderdi honen koherentzia eta seriotasun falta erakusten du. Gainera aldaketa begi bistakoa izan da, udal gobernu honek egindako lehen bandoan, euskarari lehentasun osoa eman zaio eta horrenbestez, euskararen erabilera arauek finkatutako helburu eta filosofiarekin (euskarari lehentasuna ematea) bat egiten du guztiz.
 
Euskararen erabilerari dagokionez, azken lau urteetan (aurreko legealdi osoan zehar) etengabekoak izan dira euskararen erabileraren araudiak ezarritako neurrien urraketak, bai bandoetan eta baita udal komunikazioaren alor guztietan ere; AMAVI aldizkariek ez dituzte euskara irizpideak bete, udalaren sare sozialetako kontuek ere ez, udalaren hainbat publikazio edo argitaratzeek ere ez dituzte euskararen erabilera arauak kontuan izan eta beste hainbat adibide ere jar daitezke.
 
Hau horrela izanda, harrigarria eta paradoxikoa da EAJ-PNV alderdiak, oposiziora pasa denean, bapatean publikoki erakutsi duen interesa eta kezka. Jokabide honekin, EAJ-PNV alderdia, salatzen duen horixe bera egiten ari da ("euskara arma bezala erabiltzea") eta gainera inolako arrazoirik edo argumenturik gabe. 
 
Azkenik, udal gobernu honek, argitaratuko dituen euskarri guztietan eta uneoro euskararen erabileraren araudia errespetatzeko konpromiso irmoa duela adierazi nahi du. Euskarari lehentasuna emateko dugun uste osoan berresten gara eta gure hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko helburuarekin, euskararen erabileran eredugarriak izatea da gure bokazioa. 


 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!