Uzturre Foroaren ibilbidearen balantze positiboa, eratu zenetik urte eta erdi igaro ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Uzturre Foroa Elkartea 2026ko uztailaren 27a

2025eko martxoan eratu enetik, hamar ekitaldi publiko egin ditu guztira. Epe horretan, ehun bat lagunek eman dute izena Uzturre Foroko Adiskide gisa. Ekitaldietan lortutako erantzunak aukera ematen du ondorioztatzeko hautatutako gaiek eta hizlariek interes handia piztu dutela. Une honetan, Uzturre Foroa datorren ikasturterako programa prestatzen ari da, interes sozialeko erronka eta lehentasunei heltzen jarraitzeko.

Prentsa-ohar honen bidez, Uzturre Foroak 2025eko martxotik 2026ko uztailera arte egindako jardueraren balantzea egin nahi du. Eratu zenetik, hamar ekitaldi publiko egin ditu guztira. Honako hau garatutako ekitaldien laburpena da:

  • 2025eko martxoak 25. Uzturre Foroaren Talde Sustatzailea Zerkausian aurkeztea.
  • Apirilak 1. Hitzaldi-solasaldia Tolosako Topic-en, Aitor Esteban EAJko presidente izendatu berriarekin. Gaia: "Gure Herriaren erronkak eta lehentasunak". Elkarrizketa Pilar Insausti kazetariak moderatu zuen.
  • Ekainak 9. Hitzaldi-solasaldia Tolosako Topic-en Arantxa González Laya tolosar eta kanpo arazoetako ministro ohiarekin. Gaia: "Europa gatazka eta lehia handiko mundu batean". Jaime Otamendi kazetariak hartu zuen parte moderatzaile gisa.
  • Irailak 11. Tolosako Topic-en solasaldia, erantzukizun instituzional handiko bost emakumerekin. Euge Arrizabalaga, EAJren Gipuzku Buru Batzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Maribel Vaquero, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailea, eta Oihane Agirregoitia, Europarlamentaria. Gaia: "Zer dago jokoan Euskadin mundu nahasi honen erdian". Xabier Euzkitze kazetariak bete zituen moderatzaile lanak.
  • Urriak 20. Hitzaldi-solasaldia Tolosako Topic-en, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martínezekin. Gaia: "Tolosaldea, osasuna eta etorkizuna". Xarles Iturbe Uzturre Foroko kide eta Tolosako zinegotziaren laguntza izan zuen.
  • Abenduak 2. Hitzaldi-solasaldia Villabonako Subijana Etxean, Euskararen Egunaren bezperan, Jon Sarasuaren eskutik. Gaia: "Euskaren etorkizunaren harira, nola gaude eta nora goaz". Gorane Agirre kazetariak moderatu zuen.
  • 2026ko apirilak 22. Manuela Carmena Madrilgo alkate ohiarekin hitzaldi-solasaldia Tolosako Topic-en. Gaia: "Larritasunaren aurrean erronkak". Jaime Otamendi kazetariak moderatu zuen elkarrizketa.
  • Maiatzak 5. Adimen artifizialari buruzko ikastaroa Tolosako kultur etxean, herri txikiei eta landa-inguruneari aplikatua, Joseba Ormazabal tolosar adituaren eskutik.
  • Maiatzak 27. Solasaldia Tolosako Topic-en Enric Juliana kazetariarekin eta Raquel Martí UNRWAko (Espainia) zuzendari exekutiboarekin. Gaia: "Gaur egungo munduaren noraeza bideratzeko gakoak". Moderatzailea Juan Carlos Etxeberria kazetaria izan zen.
  • Ekainak 16. Tolosako Topic-en solasaldia Santi Peñalba arkitekto eta urbanistarekin eta José García Montalvo ekonomian doktore eta etxebizitzan adituarekin. Gaia: "Etxebizitza bere gordintasunean: azterketa serioa eta irtenbide errealistak". Elkarrizketaren moderatzailea Itsaso Andueza izan zen, garapen-lankidetzako teknikaria eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente ohia.
  • Uztailak 14. Adimen artifizialari buruzko ikastaroa Albizturko erabilera anitzeko aretoan, herri txikiei eta landa-inguruneari aplikatua, Joseba Ormazabal tolosar adituaren eskutik.

Tolosako Topic-en egindako zortzi solasaldiak osorik grabatu ziren eta Youtuben edo zuzenean www.uzturreforoa.eus webgunean daude eskuragarri. Ikuspegi bikoitzetik ikustea bereziki gomendagarria da. Tokiko ikuspegitik, eta kontuan hartuta etxebizitza eta osasuna gaur egun gure gizartearen funtsezko erronka eta lehentasunen parte direla, garrantzi berezia hartzen dute Alberto Martínez Osasun sailburuarekin garatutakoak, Tolosaldeko Ospitale Publiko berriari buruzko zalantzak edo gaizki ulertuak argitzeko, bai eta etxebizitzaren gaiari buruzko azkenak ere, Santi Peñalba eta José García Montalvo adituekin. Ikuspegi orokorrago batetik, Manuela Carmena, edo Enric Juliana eta Raquel Martírekin egindako ekitaldiak nabarmentzen dira, egungo ziurgabetasun geopolitikoei egindako ekarpenagatik.

Ekitaldi bakoitzak komunikabideetan eta sare sozialetan izan dituen eraginak aipagarriak izan dira ikustaldi eta interakzio kopuruari dagokionez. Jarduera horien eta haien emaitzen ebaluazio labur batek bi azpimarratze egiteko aukera ematen du. Ikuspegi kuantitatibotik, egindako jarduerek oso erantzun positiboa izan dute. Ikuspegi kualitatiboago batetik, esan daiteke aukeratutako gaiek eta hizlariek interes handia piztu dutela.

Uzturre Foroa Elkarteak urte eta erdiko ibilbidearen balorazio oso positiboa egin du. Ebaluazio horretan oinarrituta, une honetan, datorren ikasturterako programa diseinatu eta prestatzen dabil, gure gizartearen erronka eta lehentasunei erantzun plurala emateko ildo horretan sakontzen jarraitzeko asmoz.

Aipatzekoa da epe honetan ehun bat lagunek eman dutela izena elkarteko adiskide gisa. Uzturre Foroak "Uzturre Foroaren Adiskide" gisa izena ematera gonbidatzen ditu Uzturre Foroarekin harremanetan egon nahi duten guztiak. www.uzturreforoa.eus webgunearen bidez egin dezakete, edo info@uzturreforoa.eus helbidera idatziz, izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa adierazita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!