Uzturre Foroak bere programarekin aurrera jarraitzen du eta, iaz martxoan eratu zenetik, bere zazpigarren ekitaldia iragarri du. Azkeneko solasaldiak Madrilgo alkate ohia, Manuela Carmena, izan zuen protagonista. Kasu honetan, gonbidatutako hizlariak Enric Juliana eta Raquel Martí dira, mundu mailako egoera politiko konplexu eta nahasiari buruz hitz egiteko bi ahots ezagun eta errespetatu.
Enric Juliana kazetaria eta zuzendari adjuntua da La Vanguardia egunkarian. Astero argitaratzen dituen kronika politikoek Estatuko analisi politikoaren ahots ezagunenenetako bat bihurtu dute, kazetaritza zorrotza eta bokazio literario nabarmena uztartzen dituen estilo batekin. Bere azken liburua, Viaje hacia un Nuevo Mundo (Arpa, 2026), Esteban Hernándezekin idatzia, Gerra Hotzaren ostean sortutako ordenaren amaiera eta inperioen itzulera, Europako krisia eta mendebaldeko demokrazien eraldaketa sakonaren ezaugarriak dituen garai berri baten sorrerak jorratzen ditu.
Raquel Martí Historian doktorea da. Hamarkadetan zehar Asian, Afrikan eta Latinoamerikan lan egin du GKEen proiektuen zuzendari gisa, eta Ekialde Hurbilean Giza Laguntza eta Larrialdietako proiektuetan. Gaur egun UNRWAko (NBEren Palestinar Errefuxiatuentzako Agentzia) Espainiako zuzendari exekutiboa da. Raquel Martí Gazan gertatzen ari den sarraskiaren ondorio humanitarioak azaltzen komunikabideetan gehien entzun eta aipatzen den ahotsetako bat bihurtu da.
Uzturre Foroak egungo munduaren noraeza berbideratzeko analisi-gakoen, eta esperantza-izpiez ere, elkarrizketatzea proposatu die. Trump, Putin, Netanyahu, Ukraina, Gaza, Iran, Libano... ekonomia, energia, inflazioa, ongizatea... dena Ormuzren menpe. Legez kanpoko gerrak, muturreko eskuinen eta erregimen autoritarioen gorakada, migrazio-mugimenduak eta jarrera xenofoboak, klima-aldaketa, krisi demografikoa, polarizazioa, desinformazioa, edo Adimen Artifizialarekin dauden zalantzak... Giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea, multilateralismoa, Nazio Batuak, Europar Batasuna...
Herritarrek erreferentzia-puntuak eta orientazioa behar dituzte nahasketa eta etsipenean ez hondoratzeko. Solasaldi honek bi ikuspegitik gai hauek jorraitzeko aukera eskainiko du. Enric Julianek eskainiko duen ikuspegi globalagoa, eta Raquel Martíren analisia, egungo testuinguruan planetako puntu beroena den Ekialde Hurbilean gehiago zentratua.
Ekitaldia datorren maiatzaren 27an, asteazkena, 19:00etan izango da Tolosako Topic-en. Galdera-erantzunetako elkarrizketa formatua izango du eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak dinamizatuko du topaketa. Sarrera librea izango da, aforoa bete arte.
“Uzturre Foroko Adiskideak”
Uzturre Foroak berriz ere baliatu nahi du aukera hau gogoratzeko “Uzturre Foroko Adiskideak” figura sortu duela, entitate berria berarekin harremanetan egon eta Tolosaldean bere helburuak babesten interesa duten pertsona guztiei irekitzeko. Maiatzaren 27ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dira, nahi duenak izena eman ahal izateko.
Uzturre Foroko Adiskidea izateak ez du inolako kuota-ordainketarik suposatzen. Ekonomikoki lagundu nahi duenak geroago sortuko den bazkide figuraren bidez egin ahal izango du. Uzturre Foroko Adiskide izan nahi duten pertsonek webgunearen bidez egin dezakete (www.uzturreforoa.eus). Era berean, info@uzturreforoa.eus idatzi dezakete beren izen-abizenak, posta-helbidea, e-maila eta telefonoa adieraziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak jasotzeko nahi duten bidea zehaztuz: posta, e-maila edo WhatsApp.