Tolosak izan duen ordezkaritza abertzalea harro egoteko modukoa da.
Garai latzetan Tolosa eta Euskal Herria bera ordezkatu zutenen zerrenda oparoa da gure herrian: Doroteo Ziaurritz, Tolosako alkate, Gipuzko Buru Batzarreko kide eta Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari; Aitzol, EAJren ideologoen artean azpimarratzekoa; Uzturre, Bizkai Buru Batzarreko kide eta Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari izandakoa; Lizardi (zarauztarrak Tolosan eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena), Gipuzko Buru Batzarreko idazkari izan zena; Labaien, Tolosako zinegotzi eta alkate ere izandakoa; Ixaka Lopez Mendizabal, Tolosako zinegotzi, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari. Garai latzetako ordezkaritza abertzalearen zerrendan izen-abizenok zeuden. Bazen erbesteratu beharra izan zuenik, Ixaka bera kasu, bai eta azken hotsa bere bizitzarekin amaituko zuen tiroa entzun zuenik ere.
Aberria eta euskara ziren langai. Biak ala biak elkarrekin. Bakoitzak bere esparruan, eta generoan, euskara zerabilten, euskaraz aritzen ziren eta euskararako. Esan bezala, aberria eta euskara eskutik, ezin baitzen bestela. Horretara eman zituen Ixakak berak bere lanak. Euskarari zioten maitasunak batzen zituen guztiak, herrigintzan ari zirela, ezinbesteko zutabea baitzen euskara.
Ixaka Lopez Mendizabalek Tolosako Aberri Etxean egiten zuen bat Antonio Maria Labayen, Doroteo Ziaurritz eta Uzturrerekin, besteak beste. Denek helburu bera partekatzen zuten: aberriari, euskarari, gure nortasunari zioten maitasunak batzen zituen.
Aste honetan Ixakak 1925ean idatzi eta eskaini zuen Xabiertxo lanaren mendeurrena ospatuko dugu. Ikastoletan ez ezik, bestelakoetan ere haurrak euskaraz hezi eta bizitzeko liburu kuttuna eman zuen. Aberrigintzan, euskaltzaletasunean, kulturan buru-belarri aritzen zen Ixaka Lopez Mendizabal. Lan luzea, oparoa, ausardia handikoa, eskuzabala, Ixakarena. Konpromisoaren eta lanaren fruitu da Xabiertxo.
Honela adierazi zuen Zeruko Argia aldizkarian 1975ean:
"Nere poz bakarra lan egitea izan da. Euskararen eta Euskal Herriaren alde beti lanean jardutea. Horrek bete du nere bizitza. Ezbehar haundiak izan dira gure etxean. Lau gerrate ezagutu ditu eta jakina beste hainbeste lapurreta. Hogeita hamar urtetako atzerria ere ezagutu dut. Baina hori guztia erraz eraman dut. Gorputzez bakarrik egon naiz atzerrian, bihotzez eta lanez beti Euskal Herriaren alde behar hainbat lan ezin egin ahal izatea izan da nere pena bakarra".
Uzturre Foroa Elkartetik gure aitortza zintzoena eskaini nahi diogu Ixaka Lopez Mendizabali. Berak esan bezala, “bihotzez eta lanez beti Euskal Herriaren alde” egin dutenen ondorengoak gara gu.
Uzturre Foroaren xedea egungo gizartearen erronkei eta helburuei buruz hausnartzea da. Hein handi batean, Ixakak berak zituen erronka eta helburuak jomugan, euskararen ikasketarako eskaini zuen Xabiertxo gure ondare da gaur egun. Erronkek eta helburuek jarrai dezatela Euskal Pizkundeko argiaren arrastoa.
Eskerrik asko Ixaka, eskerrik asko “Xabiertxo”.
Ez dadila katea eten.