EUSKARAREN GORABEHERAK
Erabilitako metodologia bat bilaketa da. Gai honi buruz gehiago jakiteko, bilaketa egin da, Galtzaundin eta Soziolinguistika Klusterrean datuak bilduz.
Soziolinguistika Klusterraren arabera, 2021ean Tolosaldeko 65 urtetik gorako pertsonen % 38,2k hitz egiten zuen euskaraz. Soziolinguistika Klusterraren hurrengo ikerketa batek dioenez, Tolosaldean, orain, helduen % 45,4k hitz egiten du euskaraz, beraz, euskararen erabilera igo egin da. Izan ere, 2011n % 35,8k hitz egiten zuen euskaraz, eta 2016an % 40k. Beraz, Tolosaldean, 65 urtetik gorakoen artean euskararen erabilera handitzen doala ikusten da.
Besteak beste, Galtzaundik egin duen beste ikerketa batek, 1985etik 2023ra helduen artean euskararen bilakaera azaltzen du. Hasieran, hau da, 1985. urtean adinekoen erabilera % 36koa zen. Hurrengo hamarkadan gorakada txiki bat eduki zuen % 39ra iritsi zelarik, baina, hortik aurrera beheraka egin zuen 2010 arte, % 29ra arte jatsi zen. Baina 2010etik 2023arte gorakada bat eduki du % 35era heldu arte.
Besteak beste, Galtzaundik Ibarran egin duen ikerketa batek azaltzen du helduak direla euskara gutxien erabiltzen dutenak. Hauen % 37k hitz egiten du euskaraz Ibarran, eta beste % 63k gaztelaniaz egiten du.
Informazio hau guztia bildu ondoren, ondorioztatu dezakegu Tolosaldean adineko jendea dela euskara gutxien hitz egiten duen adin tartea. Baina alde positiboa nabarmenduz, aipatu behar da igoera bat ere izan duela azken hamarkadan.
BEGIRATUZ AZTERTU
Erabilitako beste metodologia bat behaketa da. Ibarran 65 urtetik gorakoen euskararen erabileraren ikerketa bat egiteko behaketa bat egin da. Behaketa hainbat lekutan kokatu da: jubilatuen elkartean, kalean eta Eguzkilore tabernan.
Behaketaren emaitzak apuntatzeko hainbat orrialde prestatu dira. Bertan, taula baten bitartez, 65 urtetik gorako pertsonak generotan banatu dira, zein hizkuntza erabiltzen duten, non dauden kokatuta eta eguneko zein momentutan egin duten ere adierazi da bertan. Generoari dagokionez, emakumetan eta gizonetan banatu da, eta euskara, gaztelera edo beste hizkuntza batean banatu dira hizketagaiak. Goizean, eguerdian, arratsaldean, edo gau aldean behatu da, eta honelaxe banatu dira aldagaiak. Azkenik, lehen adierazi den moduan jubilatu elkartean, kalean eta Eguzkiloren egin da behaketa.
Hasteko, otsailaren 9an, igandean, arratsaldean, Ibarrako jubilatu elkartean jaso dira datuak. Bertan, 65 urteko pertsonak bingoan jokatzen aritu dira, gazteleraz, pertsona batzuk ez zekitelako euskaraz. Ekintza aztertu bitartean, partaideen artean, gizonak baino emakume gehiago zegoela ikusi da. Alde batetik, emakumeen artean 12 pertsona entzun dira euskaraz hitz egiten eta gazteleraz 17 pertsona. Bestetik, gizonen artean 10 pertsona entzun dira euskaraz eta 14 pertsona gazteleraz. Egia da, gazteleraz hitz egiten zutenak, euskaraz ere hitz egiten zutela. Euskaraz edota gaztelaniaz gain, ez da beste hizkuntzarik entzun, hauek baitira Ibarran gehien erabiltzen diren hizkuntzak. Beraz, laburbilduz, esan daiteke, Bizi-Nahi Jubilatuen elkartean pasatako denboran, pertsona gehiago entzun direla gazteleraz euskaraz baino.
Ondoren, Eguzkilorera joan gara, eta bertan pertsona gutxiago ikusi arren, behaketarekin jarraitu da. Bertan emakumeak baino gizon gehiago ikusi dira. Bestalde, emakume bat ikusi da eta berak euskaraz hitz egin zuen. Gainera, gizonen artean 4 pertsona entzun dira gazteleraz hitz egiten eta beste 5 euskaraz.
Bestalde, Ibarrako kaletik oinez hainbat pertsona ikusi ditugu. Bai gizonetan eta baita emakumetan ere 4 pertsona entzun dira gazteleraz hitz egiten. Aldiz, 3 emakume entzun dira euskaraz.
Datu hauekin guztiekin esan dezakegu 65 urtetik gorako pertsona gehienak gazteleraz hitz egiten dutela; izan ere, lekuak eragin handia du zein hizkuntzatan hitz egiten den. Pertsona batzuk bi hizkuntzak erabiltzen dituzten arren, datu hauekin gehienak gazteleraz hitz egiten dutela esan dezakegu.
ESPERIENTZIA DUEN PERTSONA BATEN HITZAK
Amaitzeko, erabili den azken metodologia elkarrizketa izan da.
Tolosaldeko 65 urtetik gorako helduen euskararen erabilera aztertu ahal izateko, elkarrizketa bat egin diogu bertako biztanle bati. Elkarrizketatua, gure taldekide baten amona, Eusebi Etxebeste Amundarain izan da. Eusebi Ibarrako biztanle bat da, eta 72 urte ditu.
Lehenik, berak bere inguruan, senideekin, bilobekin… txikitatik beti euskara erabili izan du, eta horrela jarraitzen duela adierazi du.
Bere gertuko lagunekin ere euskara erabiltzen du, hala ere, Ibarrako zenbait ezagunekin euskara zein gaztelera erabiltzen ditu. Horretaz gain, kirola egitera joaten denean kiroldegira, beraien artean ez dute beti euskaraz hitz egiten, batzuk ez dakitelako edo nahiago dutelako gazteleraz hitz egin, nahiz eta ia denak euskaldunak izan.
Eusebiren kasuan, medikura edo horrelako leku publikoetara joaten bada, lehen hitza beti euskaraz egiten du, eta nahiz eta bertako langileak gazteleraz erantzuten dion, ulertzen badu Eusebik euskaraz hitz egiten jarraitzen du.
Eusebiren ustez, nahiz eta euskara nagusi izan, gaztelera asko entzuten da. Honen arrazoia gaztetan ikasitako ohiturak dira, bere iritziz; izan ere, garai batean agian bere etxeetan ez zen hainbeste euskara hitz egiten, ez zegoelako ondo ikusita euskaraz hitz egitea garai haietan eta kontu ofizial guztiak ere gazteleraz egiten zirelako, Frankismoaren ondorioz.
Elkarrizketa honen ostean, Tolosaldean, bereziki Ibarran, gehien erabiltzen den hizkuntza helduenen artean, euskara dela esan dezakegu. Hala ere, oraindik ere, gaztelera asko entzuten dela esan daiteke, garai batean horrela ohituta eta behartuta zeudelako.
Beraz, esan dezakegu helduenen artean, hau da, 65 urtetik gorako herritarrengan euskarak gorakada bat izan duela azken urtetan, nahiz eta erabilera gutxien duen adin tartea izan. Elkarrizketatuak adierazi duen bezala, honen kausa beraien garaian euskara hitz egitea gaizki ikusita zegoela izan daiteke Frankismo garaian hazi zirelako, eta geroztik ohitura horrekin geratu direlako. Zorionez, gure garaian euskara normalizatzen ari da, eta jende gehiagok erabiltzen du. Hala ere, gazteok, badaukagu zeresana, eta erabileraren emaitzei dagokienez, oraindik badugu zer hobetu.