Erakutsiz ikasi

[IRAKURRIENAK] Drogen auzia gazteon ikuspuntutik

Erabiltzailearen aurpegia Uzturpe Ikastola 2019ko api. 22a, 19:00

Drogen auzia, gaur egun, klase borrokaren parte da. Aurrerago sakonduko dugu gai horren inguruan, hau da, kapitalismoaren eta substantzia horien arteko erlazioan.

Sarrera moduan, gure ustez, drogek, apustu etxeek edota larunbateroko parrandek, errealitatetik denbora tarte labur batez ihes egiteko besterik ez dute balio, arazoa errotik ulertzea eta errealitatea aldatzeko borrokan parte hartzea eragotziz. Jakinda, hori dela norbanakoari drogatzeko beharra sortzen dioten kausak ezabatzeko modu bakarra.

Aipatutako auzi hori ulertzerakoan, akats orokor bat errepikatu ohi da, bai eskolan (hezkuntzan), bai etxean, eta baita lagunartean ere. Drogen problematika modu indibidual zein isolatuan ulertu ohi dugu, norbanakoaren inguruko lanketa eginez; egoera hori bultzatu duten faktoreei gor eginez. Hau da, ez dugu nahi (edo hor goiko batzuek ez dute nahi) arazo hau ikuspegi sozio-ekonomiko, politiko eta kultural batetik aztertzea, problematikaren erroa identifikatzea ezinezko eginez.

Bigarren hezkuntza osoan zehar egin ditugu hainbat lanketa, gogoeta zein eztabaida, betiere, helburu eta mezu berarekin: «Drogak kaltegarriak dira, baina probatu behar badituzue, gutxienez, modu arduratsuan egin». Hamarnaka aldiz errepikatu zaigun mezu horretatik, ideia nagusi garbi bat ondorioztatzen dugu gazteok: drogak probatu beharra ditugu, modu arduratsuan betiere, baina proba ditzakegu; azken finean, mundu guztiak esaten digu ez dela ezer gertatuko. Urrunago joan gabe, lagunartean ohikoa da kontsumo hori bultzatu eta normalizatzea: «Emaiozu kalada bat, ez zaizu ezer gertatuko» eta antzeko jarrerak dira, gazteon artean drogekiko egiten den apologiaren arduradunak.

Hori ez da ausaz gertatzen; garbi dago gazteok gauza berriak probatzeko joera dugula, beti deitu digu arreta ezezagun denak, debekatuak. Burgesiak, horren jakitun, ez du aukera alferrik galtzen. Alde batetik, substantzia horiek salduko dizkigun subjektua dago, kapitala lortzeko bide 'erraz' eta eraginkor hori baliatuko duena. Bestetik, amua irentsiko duen arraina, une batez, sistema kapitalistak bere egunerokoan sortutako miseria guztiarengandik nola-hala ihes egin nahi duena.

Hala eta guztiz ere, kriminalen eta biktimen artean bereiztea funtsezkoa da, gaizki-ulertuak ekiditeko. Menpekoak ez dio biktima izateari uzten, eta horri errua leporatzea akats larri bat da, lehen aipatu bezala, egunero itotzen duen errutinatik ihes egin besterik ez duelako nahi. Droga salduko diona ere, hein handi batean, errugabea da; bere lan indarra saltzea beste paturik izango ez duela ikusirik, normala den bezala, ahalik eta modu probetxugarrienean egingo du, nahiz eta ezingo duen gainbalioa sortzea ekidin. Benetako kriminala, drogen menpekotasuna langileok alienatzeko eta makurtzeko erabiltzen duena da, gure nortasun iraultzailea suntsituz.

Zoritxarrez, gazteon gehiengoa alkoholaren eta beste hainbat drogen menpe bizitzera bideratuta gaude, eta aurreko belaunaldien gidoi bera antzeztera gidatzen gaitu burgesiak. Hori dela eta, berebiziko garrantzia du gazteok auzi hau ikuspuntu kritiko batetik aztertzeak, eta klase kontzientzia garatzeak, sistema zaharkitu honen atzaparretan erortzea saihestuz.

 

DBH4ko ikasle batzuen gogoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!