Irailaren 14a, ostirala:
Korreoa helarazi ziguten data atzerapena zabalduz. Klaseak teorian irailaren 10ean hasiko lirateke. Data hori iritsi eta azalpenez gain jolasetan, irteeretan... ibili gara aste guztian zehar.
Irailaren 17a, astelehena:
Tolosako Paper eskolan hasi gara. Gela ezberdin batean kokatu gaituzte, baina aurretik bertako arauak eta egunerokoaren berri eman dizkigute guk errespetatu ahal izateko. Halere, gure gelak ez dute internet konexiorik, beraz, lanik egin ezinik. 202. gela izango da hilabete honetako gure 2. etxea eta ondorengoa gure egunerokoa:
Goizeko 08:05ean Zumardi Handian elkartuko gara denok lokarturik bizikletaren gainean eskolara joateko. 2. pisura igo beharra, ondorengo 6 orduak aurretik. 2 klase luzeen ondoren jadanik patio ordua, errepidea pasa eta Berazubiko frontoian kokatuko gara, pilota airean, kartekin jolasean, eta hitzak haizean.
13:55ean goseak hilik, klaseak amaiturik, baina eginkizunak bukatu ezinik: eguneroko garbiketa: eskoba, pala, trapua, eta xaboia pasa behar dira bai mahai eta bai lurrean.
Trapuak bizikletengatik trukatu eta Ibarra alderantz abiatuko gara.
Honelakoa da gure egunerokoa aurtengo «Uzturpe ikastolan / Paper eskolan». Beste oztopoetako bat bikoizketa gela da, hau da, frantsesa, latina, antzerkia eta teknologia klaseak ezin ditugu Paper eskolan bertan egin, izan ere, ikasturte bakoitzeko ikasgela bat soilik dugu. Honen aurrean Berazubiko Auzo Elkarteak lokal bat utzi digu, eta eskerrak, internet konexioa, gela zabala, bozgorailuak, proiektorea etab… ederra benetan lokala! Bejondeizuela eta eskerrak bihotzez.
Soinketa klaseak ere erabat ezberdinak dira, izan ere, irakasleak atletismoko pista ikusi eta korri eta testak burutzeko gogoa sartzen zaiola dirudi!
Kaos guzti honen aurrean hainbat alde positibo eta negatibo atera ditugu. Alde batetik, denon iritziz ordutegia izan da hoberena, izan ere, 08:20an sartu eta 14:00etan ateratzeak hainbat abantaila dakartza: lanak egiteko denbora gehiago arratsaldetan, denbora libre gehiago etab…
Bestalde, eguneroko materialarekin hara eta hona ibili beharra daukagu, izan ere, guk erabiltzen ditugun mahaiak arratsaldean Hizkuntza Eskolako klaseak emateko behar dituzte. Material guzti hori oso pisutsua da: koadernoak, liburuak, ordenagailua… Lehen aipatu bezala, lehen egunetako Wifi konexio falta ere puntu negatibo garrantzitsu bat izan da, ezin baitugu behar bezala lanik egin. Halaber, patioko eremua oso mugatua da, frontoia eta aterpeko lekua bakarrik baitaukagu. Hauek dira hemen egotearen alde negatibo nagusiak.
Urriaren 22a, astelehena:
Jadanik bukatu da gure etapa Tolosako Paper Eskolan, orain beste etapa interesgarri batek itxaroten gaitu Uzturpen. Gure betiko ikastolako gelak ezin ditugu erabili, horien ordez gela aurrefabrikatuak ditugu patioan...
JUNE FARIÑA, ENERITZ JAUREGI ETA NAROA TELLERIA
DBH4KO IKASLEAK