Uzturpe Ikastolako ikasleek Libiara bidaltzeko dirua bildu dute

Erabiltzailearen aurpegia Uzturpe Ikastola 2018ko maiatzaren 10a

Lepokoak, apaingarriak, postre eta pintxo zoragarriak... Iragan martxoan hauek guztiak jarri zituzten salgai seigarren mailako ikasleek Ibarrako kaleetan. Jasotako dirua Libiako eskola batentzako izango zelarik, ekimenak berebiziko arrakasta izan zuen, eta ia 300 euro bildu ziren.

Dirua iritsi da jada Zuwara herriko eskolara, eta argazki sorta nahiz bideo bat bidali dizkigute, eskerrak emanez. Diotenez, fotokopiagailu bat erosiko dute; horrek biziki lagunduko du ezer gutxi duen eskolan. Ez da erraza bertako umeentzat.

Duela zazpi urte gerra piztu zenetik, Zuwara herriko ikasleek oztopo ugariri egin behar izan diete aurre. Euren hizkuntza, amazigera, hamarkada luzez debekatuta izan zen, beraz, ezinezkoa zen bertako haurrentzat euren jatorriko hizkuntzan ikastea.

Egun, Libian amazigeraz inoiz idatzitako lehen liburuak ekoizten ari dira, eta boluntarioak dira ikasgeletan aritzen diren irakasleak. Honako egoera ezaguna egiten zaigu oso gurean; izan ere, ikastolek halaxe eman zituzten beren lehen pausuak.

Lehen gerturatzearen arrakasta ikusita, Zuwara eta Ibarraren arteko harremana sendotuko delakoan gaude, elkarrengandik asko ikas dezakegu eta!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!