Horregatik urtarrilean bekadunen zerrenda atera zenean, kosta egin zitzaidan zerrendan zegoen NA-a nirea zela konturatzea.
Ondorengo urratsa kanpora joateko prestatzea zen. Egia esan, pixka bat estutu nintzen azkenerako. Dena ezezaguna izango baitzen, ez bakarrik jendea, baizik eta kultura, tradizioak, ordutegia… eta garrantzitsuena, hizkuntza. Ez zara ohartzen zenbateraino menderatzen duzun hizkuntza bat benetan hura erabili behar izaten duzun arte.
Joan behar nuen egunean bertan oso urduri nengoen. Autobus barruan jada, gainontzeko bekadunekin, gurasoei azken agurra esanda, begiak malkoz beterik eta eztarrian sekulako korapiloarekin abiatu ginen.
Gaueko hamabiak aldera iritsi ginen campusera, Leicester hiriko unibertsitateko campusera. Sekulakoa zen campusa, agian hiru edo lau kale oso beteko zituen, gainera eraikin guztiak etxe modukoak ziren, Harry Potter filmean agertzen diren etxeen antza zuten.
Hurrengo egunean, azterketa moduko bat prestatu ziguten, gure ingeleseko maila nolakoa zen jakiteko eta gero horren arabera klaseetan banatzeko. Lehenik, idatzizko zatia egin genuen eta gero ahozko zatia egokitzen zen.
Hortik aurrera errutina moduko bat ezarri genuen; goizean goiz jaikitzen ginen gosaltzera joateko, eta goizean goiz esaten dudanean, goizeko zazpietarako gosaltzera joaten ginela esan nahi dut; han oso goiz jaikitzen baitira. Gero, goizean zehar jokoak eta ekintzak egiten genituen monitoreekin, eta arratsaldeetan berriz, ingeleseko klaseetara joaten ginen. Klaseek hiru ordu irauten zuten, eta irakasleak ere, begiraleak bezala, sorterrikoak ziren. Afroamerikar bat tokatu zitzaidan irakasle gisa, eta lehenengo egunean ez nion tutik ulertzen. Baina gero pare bat egun berari entzuten egonda segituan egin zitzaidan belarria. Eta, asteko ekintza berezi bezala, irteera bat izaten genuen astero. Lehenengoan zoora joan ginen, bigarrenean Oxford herrira, bertan Oxford unibertsitate ezaguna bisitatu genuen eta azkenekoan Londresera joan ginen.
Esperientzia paregabea, errepikatzeko modukoa zinez.
Nahia Jauregi
Erronka
Irailaren 24an Oñatin izan ginen Uzturpe ikastolako erronkariak. Nerbio, poztasun eta gogo izugarriekin igo ginen Tolosako zezen plazan autobusera, eta egoera berdinean jaitsi ginen erronkariak Oñatin.
Bertako plazan elkartu ginen 25 ikastoletako erronkariak eta kamiseta kolore ezberdinak banatzen hasi zirenean, Ibarrakooi kamiseta zuria tokatu zitzaigun. Gainean jantzia genuen nikia kendu eta taldeko guztiak jantzi genuen gustu askoz tokatutako arropa. Ibarratik bandera morea eta guzti eraman genuen, baita partaide bakoitzak Ibarrako zapia ere lepoan. Gogotsu hasi ginen probekin, hasierako bien ostean, lehenengo postua hartuta; baita errekorrak eginda probetan.
Pozik geunden, oso pozik. Inork ez zigun aurpegian genuen irribarrea kentzen inola ere. Finalerako ordua iritsi zen. Han genbiltzan Laskorain ikastolarekin bietako zein geratuko zen aurretik hitz egiten. Azkenean, pasatakoak pasata, Oiartzungo Haurtzaro ikastolak irabazi zuen aurtengo Erronka.
Egun paregabea eta errepikatzekoa izan zela esaten dugu denok. Momentu on guzti horiek ez ditugu ahaztuko.